Azken urteetako ziurgabetasun egoeran erakutsiriko moldatze gaitasuna azpimarratu du Fagor Taldeak Arrasateko (Gipuzkoa) Garaia Parke Teknologikoan, gaur, ekainaren 2an, eginiko 2022ko Batzar Nagusian. Hori berresteko daturik ere eskaini du: azken urtean, ia Taldeko kooperatiba guztiek hobetu dute euren posizionamendua. Besteren artean, 2020an baino %17 gehiago fakturatu zuen Fagor Taldeak 2021ean; eta, oro har, %104ko hazkundea izan dute urteko emaitzek. “Askotarikoak dira azken urteotan bizi behar izan ditugun aurreikusi barikoak. Pandemia bat, Ukrainako gatazka, energiaren garestitzea… Horiek eragin zuzena izan dute gure jardunean, baina, oro har, uneko testuingurura egokitzen jakin dugu, moldatuz, eta, aukerak sortu direnean, aprobetxatuz. Horrek eragina izan du urteko emaitzetan”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak.
2021aren errepasoa egiteko, 2022ko gestio plan aurkezteko, organoen eguneratzeez jarduteko eta zenbait arauei buruzkoak bozkatzeko parada izan da Batzar Nagusian. Eta Fagor Taldeko lehendakari kargua ere bozkatu da. Hartan, lau urtetarako izan da berrautatua Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko egungo lehendakaria. Hori eginda, urte berrirako erronkez mintzatu da Fagor Taldeko lehendakaria. Hain zuzen ere, gobernantzan jarri du mira: “Garrantzitsua da gure gobernantza eredu demokratikoa eguneratzea. Asko zaildu da testuinguru ekonomikoa, eta asko aldatu dira gure kooperatibak, handiagoak eta kudeaketarako konplexuagoak bilakatuz. Eszenatoki horretan, funtsezkoa da kooperatiben eta Taldearen garapen ekonomiko, sozial zein instituzional iraunkorra bermatuko duen gobernantza eredu egokia bilatzea, kultura kooperatiboa eta bazkideen erantzukidetasuna oinarri izango dituena. Hilabeteetako prozesua izango da hasiko duguna”.
Ostera, 2021. urteko emaitzak ere berbagai izan dira Batzar Nagusian. Zehatz esanda, iaz, 1.482 milioi euro fakturatu ziren Fagor Taldeko kooperatibetan -2020an baino %17 gehiago-, eta 57,97 milioi eurokoak izan ziren irabaziak -2020an baino %104 gehiago-. Gainera, finantza zorrak EBITDArekiko behera egin zuen, 2,09tik 1,7ra; eta, gora, independentzia ratioak, 0,56tik 0,68ra. “Oro har, gora egin dute salmentek, eta kooperatibetako kideek esfortzu handia egin dute eskaerei aurre egiteko. Unean unera egokitu beharra izan da. Egindakoak izan du fruiturik. Orain, testuinguru nahasian, oreka bilatzen segitzea dagokigu”, argitu du Fagor Taldeko lehendakariak.
Fagor 2030: urtebeteko ibilbidea
Urtebete igaro da Fagor Taldeak Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu zuenetik. Baikorra da orain arteko irakurketa. Halaxe aitortu du Alustizak: “Gure kooperatibak iraunkortasunak ezaugarrituko duen aro berrira egokitzeko onartu genuen iraunkortasun estrategia. Iraunkortasunari loturiko helburuak geure egunerokoan sartzen gabiltza, gure negozioak eraldatu eta enplegua sortzen jarraitzeko. Lehiakortasuna eta berrikuntza, gobernantza eredu demokratikoa, pertsonen zaintza, planetarekiko konpromisoa eta komunitatea ditugu erdigunean. Ideia horiekin, etorkizuna hobetzeko lanean gabiltza, Fagorreko kideekiko, lurraldearekiko, gizartearekiko… konpromisoz”. Esandakoa berretsiz, 2021eko Iraunkortasun Memoriari loturiko zenbait datu aurkeztu gura izan ditu Alustizak.