Skip to main content

Zabalik da urriaren 16an egingo den Kooperatiben arteko VII. Lasterketa solidarioan parte hartu ahal izateko izen-ematea. Ohi moduan, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Urkulu urtegian egingo da, eta parte hartzerako modu desberdinak egongo dira -hasiera orduak ere aukeraturiko modalitatearen araberakoak dira-. Bada, ekinbidean parte hartzeko deia egin du lasterketaren antolatzaile den Mundukide Fundazioak: “Taldean lasterketa zein oinez. Motelago edo azkarrago. 10 urterekin, edo 40rekin, edo 70ekin… Modu askotan hartu ahal izango da parte lasterketa solidarioan”. Aurten, lasterketaren laguntzaile bilakatu da Fagor Electrónica, Athlonekin eta Kreanekin batera.

Esan moduan, hainbat modalitate egongo dira gozagai, taldeka zein bakarka egitekoak. Batetik, X3 lasterketa egiteko aukera eskaintzen du lasterketa solidarioak -kooperatibetako kideek soilik har lezakete parte horietan-. Kasu horretan, hiru pertsonako taldeek jardungo lukete 6,3 kilometroko ibilbidean -talde mistoak, emakumezkoenak eta gizonezkoenak-. 11:00etan hasiko da lasterketa. Lehenago, 10:30ean, hasiko dira martxa nordikoa eta oinezko ibilbidea. Kasu horretan ere, 6,3 kilometro egingo dituzte parte hartzaileek. Horietan parte hartzeko ez da derrigor kooperatibetako kide izan behar. Parte hartzaile bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu horietan parte hartzeko.

Lasterketa berria, haur eta gaztetxoentzat

Aurten, gainera, izango da berrikuntzarik lasterketa solidarioan. Besteren artean, 2004-2016 bitartean jaiotekoendako ibilbideak eskainiko dira: 400 metrokoa (2014-2016 jaiotakoak), 500 metrokoa (2012-2013 jaiotakoak), kilometro 1ekoa (2010-2012 jaiotakoak), 1,5 kilometrokoa (2008-2009 jaiotakoak) eta 7 kilometrokoa (2004-2007 jaiotakoak). 10:00etan hasiko dira lasterketa solidariook, eta, horietan, doakoa izango da parte hartzea.

Izen-ematea, zabalik

Dagoeneko zabalik da izen-emate epea.  Parte hartu gura duenak, www.mundukide.org web orrian du horretarako aukera, urriaren 12a bitartean. Ostera, lasterketa egunean, Urkulun bertan ere izango da izen-ematerako aukera, 8:30etik 10:30era bitartean, Otalorako aparkalekuan. Gainera, lasterketa solidarioan parte hartzerik ez dutenek ere izango dute dortsala eskuratzeko aukera.

Berrikuntza moduan, bestetik, eguraldia lagun izatekotan, musika emanaldia eta jan-edanerako tabernatxoa jarriko dute antolatzaileek, lasterketa solidariora gerturatu direnendako gozagai.