Urtero lez, boluntario bila ari da First Lego League Euskadi-Mondragon. Otsailaren 22an egingo dira finalak, EAEko lau egoitzatan -Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko Iturripeko campusa da horietako bat-, eta zabalik da hitzorduotan boluntario izan gura dutenendako izen-ematea. Oro har, gazteen artean bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktikoan eta dibertigarrian sustatu gura dituen erreferentziazko hezkuntza-programa da FLL, eta, Arrasateko (Gipuzkoa) finalaren kasuan, Mondragon Unibertsitatea da antolatzailea. Aurten ere, zenbait kooperatibaren laguntza izango du, Fagorrena, kasurako.
FLLren aurtengo erronkak Submerged du izena. Haren bidez, ozeanoak esploratu eta itsas ingurunearekin lotutako erronketarako konponbide berritzaileak proposatu beharko dituzte lan-taldeek. “Ozeanoaren % 80 baino gehiago esploratu gabe dago, eta horrek aukera handiak eskaintzen dizkie buru bitxiei espedizioetan murgiltzeko“, diote antolakuntzatik. Ohi moduan, bi maila eskaintzen ditu ekinbideak: Explore, 6 eta 9 urte artekoendako; eta, Challenge, 10 eta 16 urte bitartekoendako. FLL Euskadi-MONDRAGON lehiaketa ofiziala da eta estatu mailako txapelketarako txartela lortuko dute lehen sailkatuek.
Hainbat rol
Boluntarioendako rol desberdinak eskaini ohi ditu FLL Euskadi-Mondragonek: arbitroa (roboten jolasa kontrolatzea), epailea (taldeen lana baloratzea eta sariak erabakitzea), floaterra (taldeei laguntza eskaintzea hitzorduetara garaiz heltzeko eta ondo pasatzen dutela bermatzea), zientzialaria (taldeen lana baloratzea eta lorpenak zoriontzea), timekeeper & scorekeeper (mahai-jokoaren softwarea eta partiden iraupena kontrolatzea) eta eremuen arduraduna (lehiaketak hartzen duen espazioa kontrolatzea taldeek prozesu osoaz gozatzen dutela bermatzeko).