Zabalik da martxoaren 4an egingo den FLL Euskadi-MONDRAGONen (First Lego League) edizio berrian boluntario moduan jarduteko izen-ematea. Hain zuzen ere, aurtengoan, Superpowered erronka izango dute langai parta hartzaileek, eta energia nondik datorren edota nola bana, biltegira eta erabil litekeen aztertzea izango dute zeregin nagusi. Gainera, pandemia aurreko jardun modua berreskuratuko du torneoak, aurrez aurreko formatura bueltatuz -MGEPeko Iturripeko campusean (Arrasate, Gipuzkoa) egingo da-. Bada, antolatzaileen hitzetan, edizioa “arrakastaz” gauzatzeko, “ezinbestekoa” da boluntarioen presentzia. Firs Lego Leaguen bultzatzaileen artean da Fagor Taldea.
Esan moduan, aurrez aurreko formatua berreskuratuko du aurtengo edizioak, eta, hori horrela, antolakuntza ahalegin berezia dabil egiten boluntarioak lortzeko, horien garrantziaz jakitun: “Jaialdi ikusgarri bat antolatzeko, beharrezkoa dugu talde, pertsona, ikastetxe, laguntzaile eta bestelako eragileen laguntza”. Hori horrela, izen-ematerako inprimakia jarri dute boluntario izan gura lukeenaren eskura.
Zehatz esanda, sei profil desberdin jarri dituzte boluntarioen eskura, norberak gura duena aukera dezan: arbitroa -roboten jolasa kontrolatuko du-, epailea -taldeen lana baloratu eta sariak erabakiko ditu-, floaterra -lehiakideak lekuetara garaiz iristeaz eta ondo pasarazteaz arduratuko da-, zientzialaria -FLL Junior taldeen lana baloratu eta lorpenak zorionduko ditu-, Timekeeper & Scorekeeper -mahai-jokoen softwarea eta partiden iraupena kontrolatuko ditu- eta eremuen arduraduna -lehiaketaren eremuak kontrolatuko ditu-.
Mundu osoan zehar
Gaur egun 90 herrialdetan zehar 500.000 gazte inguru barnebiltzen dituen nazioarteko heziketa programa da First Lego League. Eta Mondragon Korporazioak ZTIM heziketa bultzatzeko Innobasquerekin sinatua duen akordioaren baitan da Arrasaten egingo den ekitaldia. Besteren artean, Euskal Herriko ikasleen artean gaitasun teknologiko eta zientifikoekiko interesa aktibatu gura du ekinbideak.