Skip to main content

Hilabeteetako lanketaren ostean, webgune berritua aurkeztu du Fagor Taldeak. Itxura bera ez ezik, edukien antolaketan jarri dute mira kooperatiba taldeko kideek, batez ere, datozen urteetarako finkatuak dituzten erronkak erdigunean. Besteren artean, Taldeko kooperatibei buruzkoak, albisteak, kooperatibagintzari loturikoak, atzera begirakoak, Fagorren lan egin gura lukeenarendako atala, komunikabideei bideraturiko informazioa eta iraunkortasunaren inguruko atal bereziak aurki daitezke hartan. “Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren bidez, erronka berriak ditugu finkatuak datozen urteetarako. Tartean, gardentasun erdigunean, protagonismo berezia diogu emana komunikazioari, egiten dugun hori jakinarazteak duen garrantziaz jakitun. Horretan laguntzera dator webgune eraberritua”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Hain zuzen ere, webgunearen eraberritze fasean, erabiltzeko errazagoa izango litzatekeen euskarria sortzeko helburuz jardun dute kooperatiba taldeko kideek. “Gaurko testuinguruan, informazioa modu zuzenean, errazean eta bisualean eskaini behar zaio hartzaileari. Irizpide horiek oso aintzat izan dira hartuak prozesuan”, dio Iraunkortasun arduradunak. Hori horrela, irudiek protagonismo berezia dute diseinuan. Eta, era berean, testu labur eta zuzenen bidez eskaini da informazioa. Oro har, diseinu berriak barnebildurik du Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren harirako irudigintza.

Bost atal nagusi

Bost dira webguneak dituen atal nagusiak: Fagor Taldea, Kooperatibak, Dimentsioa, Iraunkortasuna eta Berriak. Eta, horiek, azpi-atal desberdinak dituzte. Horien artean dira Bulego Orokorrei, gobernantzari, printzipio kooperatiboei, historiari, komunikabideei… begirakoak. Ostera, fitxa bat du kooperatiba bakoitzak, hari buruzkoak barnebildurik dituena. Gainera, webgune eraberrituan, Fagorreko kide izan gura duenaren interesekoa izan daitekeen atala ere eskaintzen du kooperatiba taldeak. Haren bidez, curriculuma bidaltzeko aukera izango da, kasurako.

Iraunkortasunak, protagonismo berezia

Fagor 2030 iraunkortasun estrategia ez da esangura barikoa Fagor Taldearentzat -2021eko Batzar Nagusian onartu zen-. Eta nabari da www.fagor.eus webgune eraberrituan. Bada, protagonismo berezia dute euren egina estrategiaren bost ardatz nagusiei loturikoek (lehiakortasuna eta berrikuntza, pertsonen zaintza, gobernantza, planetarekiko konpromisoa eta garapen komunitarioa), eta, oro har, iraunkortasunak berak. Azken horrek atal berezia eta propioa du webgunean. Hainbaten artean, Fagor 2030 estrategiari buruzkoak eta Fagor Taldearen iraunkortasun memoriak aurki daitezke hartan. “Datozen urteei begira, erdigunean dugu jarria iraunkortasunaren gaia. Ahalegin berezia egin dugu hari dagozkionak modu argian eskaintzeko. Esaterako, laster, iraunkortasun memoriaren laburpena izango da eskuragarri, era dinamikoan eta irakurterrazean aurkeztua”, argitu du Iraunkortasun arduradunak.