Ford Motor Companyk Alussafesen (Valentziako Erkidegoa) duen Ford Españaren lantegiak azken 3 urteotan gidaturiko Inprobat (baterien kostua eta ingurumen-inpaktua murrizteko produkzio-prozesu berrien ikerketa) proiektuan murgildurik da Fagor Taldeko Mondragon Assembly kooperatiba. Garapen Teknologikorako eta Berrikuntzarako Zentroaren (CDTI) Zientzia eta Berrikuntza Misioak programak babesturiko ekinbidea da, eta 38 hilabeteko iraupena eta 5.8 milioi eurotik gorako aurrekontua izan ditu guztira. Gainera, sektoreko enpresa garrantzitsuak egon dira hartan murgildurik, hala nola, Mondragon Assembly, Cegasa, Itera eta TSE. Hainbat teknologiatan erreferente diren ikerketa-erakunde eta zentro teknologikoen laguntza jaso dute -batez ere, bi polo teknologikotan daude zentro horiek, Valentziako Erkidegoan eta EAEn-.
Potentzia, kostua eta birziklagarritasuna
Zehatz esanda, ibilgailu elektrikoetarako bateria-prototipoa (PHEV) fabrikatzeko prozesuaren diseinu osoa landu da Inprobaten bidez, tartean, Kuga PHEV (Hibrido Entxufagarria) moduko Ford markako ibilgailuetan erabiltzen diren energia-dentsitateak, kostuak eta birziklagarritasuna hobetzeko. Finean, osagaien birziklagarritasuna eta bigarren bizitzarako osagaien berrerabilpenaren hobekuntzak dira sektoreko enpresek gizarte-erantzukizunaren alorrean heldu beharreko zenbait erronka. Hori bat dator bateriaren gaitasunaren hobekuntzari (eta, beraz, autonomiari) eta azken bezeroan islatzen den fabrikazio-kostuaren murrizketari buruzko negozio-helburuekin.
Proiektuaren emaitzak
Proiektuak zenbait ikerketa-ildo abiarazi ditu, eta, horiei esker, bateria-sorta baten fabrikazio-prozesu berritzaile bat diseinatzea lortu da, tartean, erreferentziako pisua murriztuz. Gainera, ekodiseinuarekin, potentzia, fabrikazio-kostuak eta produktuaren birziklagarritasuna hobetu dira. Eta desmuntatze segururako prozesua diseinatu eta baliozkotu da, birziklagarritasuna erraztuz.
“Proiektuari esker, nabarmen hobetu dira fabrikazio-instalazioak edota parte hartu duten enpresen eta zentro teknologikoen gaitasunak. Eta know-how deritzon horretan ere sakondu da. Hori guztia funtsezkoa da datozen aldaketei berme osoz aurre egiteko eta lidergo-posizioa hobetzeko”, azaldu dute Mondragon Assemblyri kooperatibatik.