Trantsizio energetikoa erdigunean, esku-hartze proposamena aurkeztu du Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak Bergaran (Gipuzkoa), Eraginez Piztu izenpean. Aurkezpen ekitaldian izan da Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakaria; eta hitza ere hartu du -sarearen bultzatzaile nagusi da kooperatiba taldea-. Besteren artean, azaldu du iraunkortasuna “halabeharrezko baldintza” dela garapenarentzat: “Eragile sozioekonomikook, enpresok, lurraldearen garapenaren mesedetan jarduteko xedez dihardugu. Dena den, garapen horrek iraunkorra behar du izan halabeharrez. Kontrakoan, ez da garapenik izango. Epe luzeagoko miraz jardun beharra dugu”. Harekin batera, Arrasateko eta Bergarako udaletako, Oñatiko eskola publikoko eta Euskal Energia Erakundeko ordezkariek hartu dute hitza. Eta Debagoiena 2030eko partaide diren erakunde publiko zein pribatuetako bestelako ordezkariak ere izan dira aurkezpen ekitaldian.
Debagoiena eskualde adimentsu, inklusibo zein klimatikoki neutroa izateko lanean dabil Debagoiena 2030, eta, horretarako, lehentasuntzat du trantsizio energetikoaren erronka. “Aldaketa klimatikoa eragiten duten faktoreen artean, nabarmena da erregai fosiletan oinarrituriko zein kontsumo maila intentsiboko eredu energetikoa. Mugatua da krisi ekologikoa sortzen duten faktoreak gainditzeko denbora. Erlojupeko eraldaketa eman beharra dago eta hurrengo hamarkadak esangura handia du bide horretan”, azaldu du Aritz Ameztegi Elola Debagoiena 2030eko proiektu koordinatzaileak.
Eta bi datu eskaini ditu hark esandakoa indartzeko. Batetik, 2017an Bagarak LKSren eskutik eginiko ikerketa ekarri du gogora. Hark ikusarazi zuen Debagoieneko herritarrei zegokien CO2 isurketa maila inguruko lurraldeetako herritarrena baino altuagoa zela 2014an -Europako lurraldeetan gehien isurtzen zutenen artean, 3. herrialdearen parekoa zatekeen-. Bestetik, Udalsareanek eskainiriko 2019ko datua oinarri, Ameztegik adierazi du Debagoienean kontsumitzen den energiaren %94,8 eskualdeko mugetatik kanpokoa dela, burujabetza mailaz mintzo -%5,2koa da-.
Hain zuzen ere, aurkezpen ekitaldian berretsi bezala, egoerari buelta eman guran dabil Debagoiena 2030. Horretarako, zortzi esku-hartze landu ditu azken hilabeteotan: Debagoiena Eraberritzen (birgaitzeak sustatzeko estrategia bateratua), Birgaitzen (etxeko konforta hobetzea, prezio eskuragarrietan), Erregulazio Eraldatzailea (trantsizio energetikorako ordenantzak), Energia Denontzat (inklusio soziala energiaren eremuan txertatzeko ekimena), Tokiko Energia Berriztagarrien Laborategia (berriztagarrien tokiko esperientzien ikasketa komunitatea), Ikastetxe-klik (hezkuntza komunitatearen energiaren alorreko ahalduntzea), Debagoiena 2030 Aukera Energetikoak (2030erako aukera energetikoen azterketa) eta Energia Adierazleak (trantsizio energetikoa dimentsionatu eta eboluzioa monitorizatzeko adierazle sistema). Gaur-gaurkoz, orotara, 50 eragile ari dira horietan parte hartzen -nork bere alorrean dihardu-, eta 350.000 eurokoa da inbertsioa.
Lankidetza publiko-pribatua
Eskualdeko eragile publikoak zein pribatuak dira Debagoiena 2030 sareko kide, eta, horrek, lankidetza publiko-pribaturako aukerak eskaintzen ditu. Bada, erronken zelakotasuna aintzat hartuta, aukera horiek baliatzea garrantzitsua da Fagor Taldeko lehendakariarentzat: “Mundu mailako erronka potoloak ditugu, eta, geuk, eskualde mailako sarearen bidez, horiei tokikotasunetik heltzeko ahaleginean dihardugu. Garrantzitsua da datorrenari era kolektiboan, lankidetzan, heltzea. Hartara, eraginkorragoa eta osoagoa izango da erantzuna”. Zehatz esanda, erakunde publikoak -Debagoieneko zenbait udal, tartean-, enpresak, ikastetxeak eta bestelako eragileak batzen ditu Debagoiena 2030ek.
Ostera, Fagor Taldeak komunitatearekin eta parte den lurraldearekin duen konpromisoa aipatu du Alustizak, iraunkortasun sarea sustatzeko arrazoiez mintzo. “Taldea sortzetik dabil komunitatearen eta parte den lurraldearen aldeko lanean. Komunitateari ekarpena egin guran sortu zen, eta ideia horrekin dihardu ordutik. Orain, besteren artean, Debagoiena 2030 sarearen bidez egin gura dio ekarpena, adimentsua, inklusiboa eta klimatikoki neutroa izango den eskualde baten aldeko lanean”, argitu du.
Gainera, barrura begira ere, iraunkortasunari begirako plangintza bat du eraikia eta onartua kooperatiba taldeak, Fagor 2030 iraunkortasun estrategia, alegia. Hark, lehiakortasuna eta berrikuntza, gobernantza demokratikoa, pertsonen zaintza, planetarekiko konpromisoa eta komunitatea ditu erdigunean. “Kanporakoan ez ezik, barrura begirako lanean ere badabil Fagor Taldea. Garrantzitsua da nork hari dagokion konpromisoak hartzea, dagokion alorrean”, dio Fagor Taldeko lehendakariak.