Skip to main content

Tona bat elikagai bildu du Fagorrek haren kooperatibetan Greziako Lesbos uhartean dagoen errefuxiatuen kanpamendura bidaltzeko. Hain zuzen ere, Zaporeak elkartera bideratuko da bildutakoa, haren eguneroko jardunean laguntzeko, izan ere, azken urteetan gora egin du elkarteak egunero ematen dituen otordu kopuruak: 2023an, 2.000 otordu banatzetik 2.200 banatzera pasa ziren, eta, aurten, 3.000 otordu banatzera helduak dira dagoeneko. Urriaren 22 eta 31 bitartean egin zen elikagai bilketa Fagorreko kooperatibetan, eta arroza, pasta eta olioa bildu ziren -horiexek eskatu zituen elkarteak-.

Fagorren eta Zaporeaken arteko elkarlana ez da berria. Iaz ere egin zen elikagai bilketa, eta, horrez gain, Fagor Herrigintzaren lankidetza programaren bidez, 2022an 60.000 eurorekin lagundu zuen kooperatiba taldeak Zaporeak -bazkideek aukeratu zuten Fagor Herrigintza programaren laguntzak jaso zituzten hiru proiektuak-. Horrez gain, Zaporeaken Lesboseko sukaldea hobetzeko hainbat dohaintza egin zituen Onnera Groupek 2023an, besteak beste, janari gehiago banatzea ahalbidetuz. Bide desberdinen bitartez eskertu zuen Zaporeak elkarteak dohaintza hura.