Tantai baso jabe kooperatibako bazkide laguntzaile bilakatu da Fagor Taldea. Gaur, ekainaren 13an, sinatu dute horri dagokion hitzarmena Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak eta Iñaki Etxebeste Larrañaga Tantaiko kideak. Harekin, 200.000 euroko ekarpena egiteko konpromisoa hartu du kooperatiba taldeak -baso jabe kooperatibako kapitalera joango litzateke erdia; eta, beste erdia, laguntza modura jasoko luke Tantaik, haren jarduera abiatzeko beharrezko lituzkeen inbertsioetarako-. Horrez gain, hitzarmenean azaltzen denez, kooperatiben kudeaketan duen esperientzia eskainiko lioke Fagor Taldeak Tantairi. “Lurraldean basogintza eredu berri bat sustatzen lagundu gura du Fagor Taldeak, besteren artean, egur ekoizpena eta biodibertsitatearen zaintza modu orekatuagoan kudeatzea ahalbidetuko lukeena. Bestalde, biodibertsitatea zaintzeko eta hobetzeko neurri osagarriek lagunduta hedatu behar dira larrialdi klimatikoari aurre egiteko beharrezko diren energia berriztagarriak, eta Tantaik ekarpen esanguratsua egin dezake bide horretan”, azaldu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Ostera, ingurumenetik harago, Fagor Taldeak erdigunean du jarririk ekinbidearen izaera komunitarioa: “Tantairen ekinbidea lagungarri izango da basogintza eredu iraunkorrago bat bilatzen duten baso jabeentzat. Gainera, eurak izango dira erabakimena izan eta kooperatibaren iparra finkatuko dutenak”. Hainbaten artean, neurrira egokituriko aholkularitza, akonpainamendua eta laguntza eskainiko die Tantaik lur jabeei, behinik behin hiru fase lituzkeen basoaren transformaziorako prozesuan -prestaketa, birsortzea eta baso egituraren garapena-. Horietan guztietan, baso bakoitzaren dinamika, doitasun-ekologikoa eta kudeaketa helburua lirateke oinarri. “Errentagarritasun ekologikoaz gain, errentagarritasun ekonomikoa ere bilatzen du Tantaik. Basoen egonkortzeak, zuhaitzen kalitateak, mehatxuei aurre egiteko gaitasunak… ahalbidetuko lukete hori”, argitu du Tantaiko kideak.
Bost ardatz nagusi
Bost dira Tantaiko basogintza ereduak barnebildurik dituen ardatz nagusiak. Batetik, espezie aniztasuna bilatuko luke, bioaniztasuna handituz, eta, beraz, basoen funtzionalitatea indartuz. Eskala txikienetik landuko litzateke aniztasun hori, Tantairen esanetan, egonkorragoak eta mehatxuei aurre egiteko gaituagoak baitira adin zein tamaina desberdineko zuhaitzez osaturiko basoak. Ostera, lekuan lekuko baldintzetara egokituriko landareak lehenetsiko lituzke, eta, horrek, basoendako egokitzapen gaitasun handiagoa bermatzea lekarke. Gainera, murritzagoa litzateke kostu ekonomikoa. Horrez gain, esku hartze bortitzak ekidingo lituzke Tantaik proposaturiko basogintza ereduak, eta hori funtsezko litzateke basoaren balioan esangura handia duen lurra babesteko. Azkenik, bakanketa bidezko mozketaren alde egingo litzateke. Horrekin, zuhaitz estaldura egonkor mantentzearekin batera, mozketak sarri egingo liratekeenez, errenten maiztasuna areagotuko litzateke.
Iraunkortasuna, erdigunean
Fagor Taldeak finkatua du 2030. urtera begirako iraunkortasun estrategia. Haren bidez, besteren artean, komunitatearen eta ingurumenaren aldeko apustua du egina. Beraz, horren bidean abiaraziriko ekinbideak babesteko konpromisoz dihardu. Halaxe azaldu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak: “Hasiak gara planetaren mugetara heltzen. Horri kontra egiteko neurriak hartu beharrean gaude. Bide horretan doaz energia berriztagarriak, biodibertsitatearen zaintza, ekonomia zirkularra, tokikoaren indartzea, mugikortasun iraunkorra… Horretarako bitartekoak jartzen gabiltza Fagor Taldean, komunitatearekin lankidetzan, besteak beste, gisakoetan aurrera urratsak egiteko sortzen diren tokiko egitasmoak babestuz”.