Skip to main content

Urtea bukatzearekin batera, 2021. urtean Taldeko zortzi kooperatibek eskainiriko zenbait albiste dakartza gogora Fagorrek, argitaratu berri duen Bihargin aldizkariaren bitartez. Hartan, besteren artean, ingurumena, kooperatiben jardunaren aitortza, 2021ean zehar landuriko zenbait proiektu, nazioarteko planten urteurrena eta Taldeko kooperatiba baten marka komertzial aldaketa dira berbagaiak.


Copeci

Itsasoak mikroplastikoetatik babesteko aliantza estrategikoa sinatu dute Coprecik eta PlanetCarek

Balio diferentzialeko proposamen bat sortzeko asmoz, aliantza estrategikoa sinatu du Coprecik PlanetCarerekin. Hain zuzen ere, itsasoen mikroplastikoengatiko kutsadura saihestea da hitzarmenaren helburua, eta zeregin horretan dabil PlanetCare, hartarako soluzio teknologiko aurreratuen eten bariko lanketan. “Aliantza lagungarri izango da urtero milioika tona mikroplastiko isurtzea eragiten duen kutsadura-iturri batekin bukatzeko”, azaldu du Imanol Oleaga Mendiaratz Copreciko zuzendari nagusiak. Helburu horrekin, kutsadura saihesteko zenbait konponbide eskainiko dizkie Coprecik bezeroei.


Fagor Electrónica

Fagor Electrónica presente da Kataluniako etxebizitza eraikin altuenean

Barnaservei bezeroaren bidez, Fagor Electrónicak haren ekarpena egin du Zero Diagonal izeneko Kataluniako etxebizitza eraikin altuenean. Zehatz esanda, ICT instalazioak egiteaz arduratu da Barneservei, eta Fagor Electrónicaren laguntza izan du zeregin horretan. Bada, Odile Decq arkitekto frantziarraren sinadura duen 28 solairuko eraikinak, diseinu ikusgarria eta modernoa du, Mediterraneo itsasoaren aurrean panorama berri bat eskainarazteko modukoa. Esan barik doa Zero Diagonal ez dela Barnaserveir eta Fagor Electrónicaren ekarpena duen eraikin enblematiko bakarra.


Galbaian

Galbaianen nazioarte mailako errekonozimendua, areagotzen

Goraka doa Galbaianen presentzia IAM (Intellectual Asset Management) jabetza industrial eta intelektualaren inguruko aldizkari espezializatu entzutetsuan. Haren IAM Patent 1000–The World’s Leading Patent Professionals patente adituen gidak kooperatibako zenbait kideren eta kooperatibaren beraren izenak barnebildu ditu 2021ean ere. Hor daude Ismael Igartua (2015az geroztik izendatua), Eduardo Gonzalez (2020an sartu zen zerrendan, lehenengoz) eta Amaia Sarasola (aurtengoa da lehen izendapena). Idoia Apraizen lana ere errekonozitu gura izan du aldizkariak, IAM Strategy 300: The World’s Leading IP Strategists gidaren bidez.


Fagor Arrasate

Fagor Arrasatek % 70 murriztu du haren jardueraren karbono-aztarna

Haren jarduerak modu iraunkorrean garatzeko estrategiarekin bat, Arrasate, Zamudio, Markina eta Donostiako instalazioetan kontsumitutako energia elektrikoa berriztagarri izatea erabaki zuen Fagor Arrasatek 2020aren hasieran. Ordutik, hornituriko energiaren %100ak du jatorri-bermearen ziurtagiria (GdO). Hala, azken urtean, berotegi-efektuko gasen 1.115 tona gutxiago isuri dira atmosferara. 2019arekin alderatuz, energia-kontsumoaren ondoriozko karbono-aztarna %70 baino gehiago murriztu da (gasolioa, gasa eta elektrizitatea) –8.000 zuhaitz baino gehiagok xurgatzen duten CO2 kopuruaren baliokidea da hori–.


Fagor Ederlan

Hamarkada bateko ibilbidea egin berri du Fagor Ederlan Kunshanek, kooperatibak Txinan duen plantak

Fagor Ederlan Kunshanek 10 urte egin zituen uztailean. Bada, aluminiozko esekidurendako osagaien ekoizpenerako, kooperatibak Txinan duen planta da aipaturikoa –orotara, behe presioko aluminioarekin dabiltzan lau planta ditu munduan zehar–. Zehatz esanda, duela 20 urte baino gehiago ekin zion Fagor Ederlanek behe presioko aluminioaren teknologiarekin lan egiteari. Hari esker, pisu murritzagoko segurtasun osagaiak eskaini ditzake kooperatibak –esekidura portamangetak, kasu–, ibilgailuen CO2 isurketak murrizteko eta automozio sektore iraunkor bateranzko urratsak egiteko lagungarri.


Fagor Professional

Eboluzionatu egin du Fagor Industrial markak, Fagor Professionali bide emanez

Fagor Industrialek haren marka komertziala aldatu du: Fagor Professional izango da hemendik aurrera. Hain zuzen ere, erabakiak azken urteotako hausnarketa estrategikoa du oinarrian. Hartan, besteren artean, markaren indarra erakusteko eta jendearengana hurbiltzeko beharrak identifikatu zituzten kooperatibako kideek. Eta helburu horiek erdiesten laguntzera dator izen aldaketa. “Hazteko, aldatzeko eta eboluzionatzeko unea da”, iragarri dute kooperatibako ordezkariek markaren aurkezpen gutunean. Bada, HostMilano 2021 nazioarteko ostalaritza profesionaleko azokarik handienean aurkeztu da marka komertzial berria.


Fagor Automation

Series3 enkoder lineal sorta berria aurkeztu du Fagor Automationek

Makina erreminten sektorean duen hamarkadetako esperientzia eta etorkizuneko teknologiei loturiko ezagutza oinarrian, Series3 enkoder lineal sorta aurkeztu du Fagor Automationek –orain arte egin dituen enkoder aurreratuenak–. Hala, automatizaziorako soluzioekin darrai, bezeroen ekoizpenaren hazkundean laguntzen. Series3 sorta CNC sistemarekin dago komunikaturik, Feedat komunikazio protokolo propioaren edo bestelakoen bidez. Hari esker, akabera zehatza ahalbidetzen duten erresoluzio nanometrikoko posizio-begizta motzak lor daitezke. Produktuak harrera ona izan du nazioarteko aurkezpenetan: Italia, Taiwan, Alemania, Txina, Korea…


Mondragon Assembly

Kooperatibagintzaren filosofian sakontzeko saioak egin ditu urteon Mondragon Assemblyk

2020an abiatutako ARIMA proiektuarekin bat, eta kooperatibagintzaren filosofian sakonduz, kide guztientzako saioak antolatu ditu urtean zehar Mondragon Assemblyk Otalora Zentroan. Hala, kooperatibagintzaren inguruko formakuntza pertsonalizatua eskaini zaio kolektiboari, haren beharrizanei loturikoa, kooperatibagintzaren sentimendua haren eginarazi nahian. Ikuspegi integraleko saioak izan dira, adin eta profil ezberdinetako kideei zuzenduak. Mondragon Assemblyko ordezkarien esanetan, ekinbidea bestelakoetarako ere izan da baliagarri: “Lan egiteko modu berri bat sortzen eta aurrea begirako proiektuak definitzen ere lagundu du”.