Skip to main content

ELENA HERRARTE LETONA | DEBAGOIENA 2030 IRAUNKORTASUN SAREKO KOORDINATZAILE NAGUSIA

Etorkizuneko gizarte erronkak erdigunean, eragile ezberdinen arteko lankidetza eta komunitatearen parte hartzea oinarri, Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea sortu zen 2019. urtean. Erakunde publikoek, eragile sozioekonomikoek eta gizarte eragileek osatzen dute, eta Fagor Taldea da haren bultzatzaile nagusienetako bat. Egiteko modu berri bati heldurik, egungo eta etorkizuneko erronkei behar moduko erantzuna emateko lanean ari da Debagoiena 2030, besteren artean, energiaren, industria trantsizioaren, mugikortasunaren, elikadura sistemaren, lanaren bidezko inklusioaren, basogintzaren… alorreko ekinbideei heldurik. Iraunkortasun sareaz, Debagoiena bailaraz (Gipuzkoa), egungo erronkez, aurrera begirakoaz… egin du berba Elena Herrarte Letonak (Arrasate, Gipuzkoa, 1980), Debagoiena 2030 iraunkortasun sareko koordinatzaile nagusiak.

Zer da Debagoiena 2030?

Eskualdearen trantsizio ekosoziala sustatzeko helburua duen lankidetza sare irekia da. Arlo ezberdinetan diharduten eragileek osatzen dute: udalek, Debagoieneko Mankomunitateak, kooperatibek eta bestelako enpresek, hezkuntza eragileek, berrikuntza zentroek, gizarte eragileek… Larrialdi klimatikoak ezaugarrituriko garaiak ditugu. Hurrengo hamarkadetan iraunkorra izango den garapen eredu batera iristeko, gure jendarteak eta ekonomiak sakoneko aldaketak behar dituzte halabeharrez. Aldaketa asko eta konplexuak dira, ezagutzen dugun guztia irauliko dutenak –aldaketak izango dira jarduera ekonomikoan, energia eta mugikortasun ereduetan, gure lurraldeen antolaketan, bizi ohituretan…–. Eraldaketa kolosal bati buruz ari gara, eta, horri erantzuteko, derrigor, eskala guztietan eragin beharko dugu, nazioartean zein etxean. Bide horretan, Debagoiena eskualde mailara ekarri gura da iraunkortasunaren agenda globala, lankidetza publiko-komunitarioaren bidez. Eta bagabiltza. 2019an lehen urratsak egin zituenetik, hazten joan da Debagoiena 2030: 2020. urtean, hamahiru izan ziren iraunkortasun sarea sustatzeko akordioa sinatu zutenak, eta, egun, 60tik gora dira sarearen dinamiketan parte hartzen ari direnak.

Lankidetza publiko-komunitarioa aipatu duzu. Azaldu egiguzu.

Gauzatu beharreko eraldaketak askotariko alorrak ditu barnebildurik. Itzela da erronkaren konplexutasuna. Eta denbora mugatua dugu. Adituen arabera, segurutik, geurea da gure planetaren kalte konponezinak ekidin ditzakeen azken belaunaldia. Egoera honen aurrean, ezinbestean, arlo ezberdinetako eragileok egin behar dugu bat gaitasun osoa batu eta inpaktuak biderkatzeko. Lankidetza publiko-komunitarioaz ari garenean, gure lurralde eta agendak, modu partekatuan, arlo ezberdinetan diharduten erakunde publikoen, eragile sozioekonomikoen, gizarte eragileen, herritarren… arteko elkarlanaren bidez lantzeaz ari gara, komunitate gisa ditugun erronkak elkarrekin aztertzeaz, eta horiei aurre egiteko ekarpenak arlo guztietatik egiteaz.

Zeintzuk dira iraunkortasun sarearen erronka nagusiak?

Lankidetzan aritzea da lehen erronka. Oro har, haien ingurunera, erakundera, sektorera edota proiektura mugatzen da eragileen eguneroko jarduna. Buelta eman gura genioke horri. Ezberdinen artean bidea egitea da erronka, eta gaitasun eta lanabes desberdinak lantzeko beharra sortzen du horrek. Elkarri entzutea eta egindakoa aitortzen ikastea dira gakoetako bi, eta bakoitzaren ekarpenak batzen eta proposamen sendoagoak eraikitzen hastea, eragileen konpromisotik. Poliki-poliki, eragileek gero eta inplikazio handiagoa dute ekimenean, eta horrek emaitzak dakartza. Esango nuke, ari garela baldintzak sortzen proiektu esanguratsuagoak landu ahal izateko. Baina, horretarako, egiten ari garen urratsak egonkortzea eta konpromiso zehatzak adostea dagokigu. Orain arte, Fagor Taldea izan da Debagoiena 2030 sarearen esperientziaren bultzatzaile nagusia, ekinbidea egikaritzeko baliabideak jarri eta gobernantzan inplikaturik egon den eragile gakoa. Orain, beste arlo batzuetako eragileei dagokie erabakitzea bat egiten duten sarearekin.

Fagor Taldearen ekarpena aipatu duzu…

Hala da. Fagor Taldea izan da Debagoiena 2030 lankidetza sarearen motor nagusia, hasiera hasieratik –besteak beste, funtsezko izan da estrategiaren diseinuan eta proiektua egikaritzeko sostengu ekonomikoan–. Hartatik etorri zen bizi dugun testuinguru konplexu honetan eskualde mailako ekinbidea sortzeko apustua. Debagoiena 2030 sareak behar izan duen saretze lanean ere funtsezko eragile izan da Fagor. Lan handia egin du eragile gakoekin adostasunetara heldu eta oinarriak finkatzeko, aliatuak bilatzeko eta ekimenak behar duen erreferentzialtasuna izateko. Debagoiena eskualdeak duen bereizgarri eta indargune azpimarragarria da Fagor, beste gauza askoren artean, lurraldearekin duen konpromiso sakonagatik. Fagor bezalako eragile baten existentzia bera rara avis bat da. Munduan ez daude eragile industrial asko, Fagor Taldearen tamainakoak gutxiago, gizartearen eraldaketarekin maila horretako konpromisoa erakusten dutenak. Hemen, halaxe da. Eta horrek sekulako aukerak dakarzkio gurea bezalako eskualde bati.

Trantsizio energetikoarena esangura handiko erronka da Debagoiena 2030entzat, ezta?

Noski. Klima aldaketa eragiten duten faktoreen artean energia sistema da CO2 isurketen eragile nagusia. Energia lortzeko erregai fosilak erretzen direnean gertatzen da hori. Larrialdi klimatikoari aurre egiteak, beraz, ezinbestean garamatza energia ereduaren sakoneko eraldaketara. Debagoiena bailararen kasuan, gainera, energia kontsumo altuko ingurune batean bizi garela kontuan hartuta, sekulako pisua du erronka horrek. Industrian oinarrituriko ongizate eredua da gurea, eta energia kontsumitzaile handiak gara. Tecnalia ikerketa zentroak berriki egin duen azterlanean ikusi dezakegu Debagoiena eskualdearen arrasto ekologikoa EAEko eta Europar Batasuneko batez bestekoetatik gaindi dagoela. Energia eredu iraunkor baterako jauzian, energia kontsumoa murriztea da lehen urratsa. Horren ostean etorriko dira energia beharrak iturri berriztagarrien bidez asetzeko egitasmoak. Eta, hor, korapilo ugari askatu beharko ditugu.

Nolabait, esan daiteke, egiteko modua aldatzea ekarri duela Debagoiena 2030ek…

Bai. Hori da intentzioa eta anbizioa. Garai historiko konplexu batean gaude, bailaran dugun ongizate mailak hori ikusten uzten ez digun arren. Bizitza, ekonomia eta ezagutzen dugun ia guztia errotik aldatu beharra izango dugu, denon ahaleginarekin eta elkarlanarekin. Hainbat indargune ditu gure bailarak: arlo ezberdinetan diharduten eragileen mapa aberatsa, Unibertsitatea, kooperatibak eta bestelako enpresa-sareak, Mankomunitatea, herrigintzarako tradizioa eta egitura. Horiek guztiak indartzeko eta saretzeko sortu da Debagoiena 2030 ekimena. Uste dut aukera handiak ditugula eskualdeko erronkei behar moduko erantzuna emateko. Ezagutza, gaitasuna, ilusioa, bihotza, gihar ekonomikoa… Esangura handiko indarguneak ditugu.

Oro har, zein ekarpen egiten du iraunkortasun sareak?

Bizi dugun une historiko konplexu honek behar duen ikuspegi berritua eskaintzen du. Horixe da egiten duen lehen ekarpen esanguratsua. Haren laguntzarekin, agendetara ari gara eroaten garapen iraunkorra, eta ikuspegi bat eskaintzen diegu eragile ezberdinei, ostean, proiektu zehatzak bultzatzeko. Finean, tokiko eragileak egunero ari dira erronka partikularrei behar moduko erantzuna emateko ahaleginean, unean unekoari, egunerokoan agertzen direnei, heltzen. Ziurgabetasun eta aldaketa azkarren garaiotan, ez da edozelako lana, eta, beraz, ez da erraza epe luzeko begirada lantzeko tartea hartzea. Horretaz jakitun, Debagoiena 2030 saretik erraztasunak eta baliabideak eskaini gura ditugu epe luzeagoko ikuspegiz jardun ahal izateko, hausnarketa eta ekintza uztartuz. Era berean, inpaktu altuagoko proposamenak lantzeko zereginean, indarrak batzeko edota dauden gaitasunak elkarlotzeko bide da Debagoiena 2030.

Beste eskualde batzuetara zabaltzeko moduko ekinbidea da?

Toki bakoitzak baditu bere berezitasunak, hortaz, dagoen horretan, tokian tokira moldatu barik, ezingo litzateke beste inora eroan. Dena den, badira ezaugarri gako batzuk beste batzuentzat baliagarri izan daitezkeenak, tartean, lankidetzan oinarrituriko jardun modua. Finean, garapen iraunkorraren bidean pareko erronkak ditugu hemen, Goierrin edo Beterri-Buruntzan. Beraz, hemen sortzen diren ekimen, proiektu edo tresnak erabilgarri izan daitezke beste leku batzuetan, besteetan sortutakoak hemen izan daitezkeen bezala. Eskualdeen arteko elkarlana oso aberasgarria litzateke.

Zeintzuk dira aurrera begirako urratsak?

Eskualdearen trantsizio energetikoak erdigunean egoten jarraituko du. Horretarako, Eraginez Piztu estrategiaren bigarren fasea abiarazi dugu berriki, eta jomugan izango ditugu komunitate energetikoen sustapena, sentsibilizazio lana eta eskualde mailako deliberazio prozesua. Ostera, beste alorretako proiektuekin ere jarraituko dugu. Hor daude, kasurako, Tantai baso jabe kooperatiba edo elikadura sistemak eraldatzeari begira sortzen ari diren proiektu berriak. Eta mugikortasunaren arloarekin ere hasiko gara. Energiarekin oso lotuta dagoen gaia da, eta esangura handiko erronka da Debagoiena eskualdearentzako –garraio publikoa erabiltzeko aukera mugatuak, auto partikularraren erabilera tasa altua, industria-gune zein unibertsitateek eragindako desplazamenduak…–. Era berean, sarea egonkortzen jarraituko dugu, eragileen inplikazioa indartuz.