Panel fotovoltaikoen fabrikazioan erreferente den nazioarteko REC Group taldeak eskaera berria egin dio Mondragon Assemblyri -eguzki plakendako linean eta horniduran espezializatua da Fagor Taldeko kooperatiba-: interkonexiorako tresneria garatzea, hark haren modulu fotovoltaikoetan erabil ditzan. Eta horretan buru-belarri jardun du eguzki sektoreko produktuen garapenean dabilen taldeak. Hala, merkatu fotovoltaikoan inoiz ikusi bariko emaitzak lortu ditu kalitatean, errepikakortasunean, abiaduran eta zehaztasunean. Aurreikuspenen arabera, maiatzean bezeroaren Singapurreko instalazioetan legoke tresneria.
Mondragon Assembly, teknologia hornitzailea
Mondrago Assemblyren ibilbidearentzat esangura handikoa da jaso berri duen eskaera. Teknologia hornitzaile bihurtuta, indartu egin da RECekin eraikia duen harremana. Eta sektorean sakontzeko bide ematen dio. Finean, sektore fotovoltaikoan erreferente diren Europako teknologia zentroekin finkatua duen elkarlanari esker, kooperatiba gai da haren bezeroak laguntzeko eta aholkatzeko, beti ere, haren linea eta horiduren garapen teknologikoa bermatuz.
Mondragon Assemby Solar, Europan liderra
Modulu fotovoltaikoen ekoizpenerako Europako makina hornitzaile nagusienen artean da Mondragon Assembly. Haren ibilbidea ez da edozelakoa: 20 urte daroatza sektorean eta 15GW baino gehiagoko ekoizpen gaitasuna du hornituta. Oro har, eguzkiaren sektorean, eta, batez ere, sektore fotovoltaikoan dihardutenendako erreferente bilakatu da Europa mailan.
REC Group, eguzki energia garbiaren hornitzaile
Trantsizio energetikoa errazteko bitartekoak jarri guran, eguzki energia garbia eta eskuragarria eskaintzen die REC Groupek kontsumitzaileei. Aitzindari da eguzki energiaren sektorean eta kalitate handiko modulu fotovoltaikoak eskaintzen ditu. Nabari dute hori, hazten baitabil 1996. urtean Norvegian sorturiko enpresa: gaur-gaurkoz, 2.000 langile ditu eta 16 milioi pertsona baino gehiagori eskaintzen die eguzki energia.