Bukatzear da proiektuak Fagor Taldeak abiaraziriko Fagor Herrigintza lankidetza programan aurkezteko epea. Irailaren 1ean abiarazita, irailaren 30ean (ostirala) bukatuko da ekinbide berriaren estreinako edizioaren lehen fasea. Hain zuzen ere, herrigintzan diharduten eragileei IPDK heziketa eta kooperatiba sustapenerako zein interes publikoko beste helburu batzuetarako fondotik eskainiriko laguntza ekonomikoen banaketarako sistema berrantolatzearen ondorio da ekinbidea Fagor Herrigintza. Eta, horren baitan, behinik behin, hiru laguntza banatuko lirateke Euskal Herri hobeago bat eraikitzeko lanean dabiltzan gizarte egitasmoak babesteko: 60.000 eurokokoa, 40.000 eurokoa eta 20.000 eurokoa.
Bada, euren proiektua aukreztu gura luketeen eragileek, fagor.eus webgunean eskura izango duten Fagor Herrintza atalean lukete horretarako aukera. Ostean, proposamen guztiak esku artean, adosturiko oinarrien araberako balorazioa egingo litzateke -puntuazio sistema bat dago finkaturik-, hamar eragileren proposamenak aukeratuz. Hori eginda, puntu gehien eskuratu dituzten proposamenen artean bozkatuko dute Fagor Taldeko kooperatibetako kideek, orotara, hiru proposamen aukeratzeko. Irakurgai daude deialdiaren oinarriak.
“Fagor Taldeak balioan jarri gura du herrigintzan diharduten eragileen jarduna. Beti izan du lotura estua komunitatearekin, eta aurrera urratsak egiten segitzen du bide horretan. Banaketa sistema berriarekin, eragile gehiagok izango dute euren proiektuak aurkezteko aukera”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Urtero lez, urteko irabazien %12 bideratuko du kooperatiba taldeak gizarte funtsera, gizarteko ekimen desberdinak lagundu guran -horren zati bat joango da Fagor Herrigintza lankidetza programara-. 2021ean, Bizipozak (30.000 euro), Errigorak (25.000 euro) eta Gureak elkartearen Pauso Berriak proiektuak (12.000 euro) jaso zuten lankidetza programari loturiko laguntza.