Ibon Antero Intxausti
MONDRAGONeko Jasangarritasun eta Eraldaketa sozialerako arduraduna.
MONDRAGONeko Jasangarritasun eta Eraldaketa sozialerako arduraduna.
Duela bi aste, ezberdintasun sozialen areagotzea islatzen duen txostena argitaratu zuen Oxfamek. Oraingoan, lan-pobrezian jarri du arreta. Txostenak dioenez, Espainiako hazkunde ekonomikoak eta enpleguaren igoerak ez dute lortu laneko pobrezia murriztea. Lana izan arren, jende asko ezin da hilabete bukaerara iritsi. Nekazaritza eta etxeko lanak dira sektorerik kaltetuenak: 10 pertsonatik 3 daude pobrezia egoeran. Ama ezkongabeek eta hiru seme-alaba edo gehiago dituzten etxeek ere bereziki pairatzen dute errealitate hori, ezin dituztelako oinarrizko beharrak bete. Lan prekarietateak, nahi ez diren lanaldi partzialek eta soldata baxuek familia horiek pobreziatik ateratzea eragozten dute.
Ezberdintasun soziala ez da erronka berria, ez maila globalean, ezta lokalean ere. Arrasateko Kooperatiba Esperientziak bere hastapenetik eduki du erronka horretan eragiteko helburua. Kooperatiba ereduaren sustapena izan da eta da, gaur egun ere, gizartea eraldatzeko bitarteko nagusia. Helburua: gizarte proiektu bat. Bitartekoa: enpresa kooperatiboa.
Duela gutxi, eredu horren eraginari buruz idatzi zuen Javier Marcosek TU Lankide aldizkarian, Gini indizea eta kooperatibak. Estatistikan, Gini koefizientea, errentaren ezberdintasunaren kontzentrazioa neurtzen duen koefizientea da, 0 eta 1 arteko zenbakia, non 0 berdintasun perfektua litzatekeen (pertsona guztiek diru-sarrera berdinak dituzte), eta, 1, desberdintasun perfektua (pertsona batek diru-sarrera guztiak ditu eta gainerakoek bat ere ez). Bertan aipatzen duenez, Gipuzkoa, Europako bigarren desberdintasun tasarik baxuena duen eskualdea da, Gini indizean 100etik 23ko puntuazioa lortuta. Eta dioen moduan, bidezkoa litzake lorpen horretan kooperatibek duten zeregina nabarmentzea.
Kooperatiba ereduaren eragina eskualde eskalan
Arlo honetan sakontzeko, berriki egin dugun ikerketa batek ematen ditu pista gehiago. Kooperatiba dentsitate handiko lurraldeetan jarri dugu arreta, eta horrek gizartearen ongizatean eta kohesioan duen efektuan. Ondorioak aurreko bide beretik doaz. Eskualde mailan kooperatiba-dentsitate handiagoa izateak zerikusia du:
Izan ere, kooperatiba ereduak, bere lorpen eta zailtasun guztiekin, ekarpen esanguratsua egiten dio gizarteari, eta, ezberdintasun sozialak areagotuz doazen testuinguruan, interes handiagoarekin ikusi eta aztertzen den eredua da. Hain zuzen ere, erakundetzearen oinarritik, hau da, antolaketaren diseinutik, daude jasota aberastasuna sortu eta banatzeko hainbat mekanismo.
Eredutik haratago, ekintza sozialean urrats berriak
Aipatutako eragin zuzenaz gain, badaude kooperatibetatik sustatzen diren hainbat gizarte ekintza, IPDK funtsen bidez edo berariaz sortutako fundazioen bidez. Ausolan Fundazioa, Gaztenpresa Fundazioa, Gizabidea Fundazioa, GSR Fundazioa, Eroski Fundazioa, Leartibai Fundazioa, Mondragon Fundazioa, Mundukide Fundazioa… Oro har, hainbat deialdi ireki egiten dituzte gizarte ekintzan herri hobe eta justuago bat eraikitzeko lanean ari diren eragileentzat (Fagor Taldearen Fagor Herrigintza programa, DanobatGroup Taldearen Elkarrekin Eragin, Orkli kooperatibako Orklidea…)
MONDRAGON osatzen duten kooperatibek, ehundaka eragilerekin dihardute urtero elkarlanean. Ekarpena esanguratsua da, baina badago zer hobetu. Hasteko, gehiago ezagutu beharko genuke egiten dena, bai kooperatiben kolektiboan zein gizartean. Zein onuradun dauden, zeintzuk diren haien erronkak/zailtasunak, zein ekarpen egiten diren… Bigarrenik, gizarteak dituen behar berrien aurrean, eskala handiagoko proiektuak diseinatu behar genituzke. Esperientzia Kooperatiboak irakatsi digu, gizarte eraldaketan eragite horretan, eskalak ere baduela zerikusia.
Zentzu horretan dihardu lanean Fagor Taldeak sustaturiko D2030 lankidetza sareak, Debagoiena eskualdeko eraldaketa sozialerako epe luzeko eta inpaktu handiko estrategia sendo eta iraunkorra bultzatzeko lankidetza marko iraunkorra eraikiz eta saretuz.
Norabide berean, urratsa berriak eman nahi ditu MONDRAGONeko 2025-2028 Politika Sozioenpresarialak. Inpaktu sozialaren erronka jasotzen da hartan eta gure hurbileko eremuan gizarte, kultura eta ingurumen beharrak identifikatu eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan jardunda, gure errealitate kooperatibotik eragin nahi zaie. Hau da, elkarlanean eta kolektiboko partaide garen komunitateen inplikazioarekin.
Estrategia berriak garatu beharko ditugu, proiektu atomizatuak baino, inpaktu eta eskala handiagokoak irudikatzeko; alor jakin batekoek baino, gizarte erronkek duten izaera konplexu eta multidimentsionalari erantzun koordinatuak emateko; eta banakako proiektuak baino, indarrak batzen dituzten lankidetza zabalak irudikatzeko.
Urrats berriak behar dira kooperatibek erantzun berriak bilatzeko gizarte konplexu honek dituen erronkentzako eta gizartearekiko dugun konpromiso horretan gehiago ekiteko, enplegu kooperatiboa sortzetik edo dagoeneko existitzen diren erakundeak sustatzetik harago joateko.
Urrats horietan, kooperatibaren zein komunitateko partaide garen kolektibo zabalaren inplikazioa beharko dugu. Eman ditzagun, bada, urrats berri horiek indarrez eta elkarlanean.