Joseba Barandiaran Andueza

Laboral Kutxako Planifikazio, Hirugarrenen kudeaketa eta ESG alorreko zuzendaria.

Blogera itzuli
Ekonomia

Testuinguru ekonomikoak tranpa andana dakartza berarekin azken aldian eta aurrera begira. Egongaiztasuna, zalantzak, borroka geopolitikoak, gerrak… Munduko populazioaren %7 baino ez den Europak ez daki mundu multipolarrean ikusle soil izango den edo joko zelaira aterako den.

Negozioa Hego Euskal Herrian eta Espainian burutzen dugun kooperatibetan ere, geronen neurrian bada ere, soma daitezke zalantza horien eraginak. Espainiako gorabeherei lotuagoak dira batzuk, maila batean, munduko xake taulara txirikordatzen direnak.

Galdera ikurra handitu du Trump presidentearen itzulerak. Egoera ekonomikoak eta inflazioak eragin dute, diotenez, garaipen hori. Errenta ezberdintasun handiez gain, bizi baldintzen hobetze ezak eta inflazioak higatutako eros ahalmenak gidatu ditu botoak, legez kanpoko migrazioaren gaineko diskurtsoak hauspotuta. Trumpek agindutako guztiak nekez bete ahalko dira. Mugasarien handitze masiboa eta migratzaileak kanporatzea inflazio eragile izango lirateke. Aldiz, Bidenen azken bultzada belizistaren ostean, sagarroia lez barrurantz bil liteke Trump: NATOren eta gerren gastua txikitu eta Ukraina Errusiarekin bakea negoziatzera behartu.

Guda zelaien nuklearizazioak ez du zentzurik -zigor ekonomikoak merkeagoak dira-; Erregai fosilen loraldiak ez du berriztagarriei uko egitea ekarri beharrik -ikuskizun, Elon Muskentzat, X edo SpaceX-k Teslaren intsentsua ote duen-; korporazio handiei kasu egin zalea da Trump, eta argi du lehiakideak Txinan dituela; Asiako xake taulan jokatzen dira lehia teknologikoak, Taiwan eta Korean barne; Mexiko gertuegi eta beharrezkoegi du, baita desglobalizaziorako ere; euren negozioa atzerrian duten kooperatibistak mundu zatikatuago baterako prestatu beharko dira…

Munduaren bazter honetan, Europan, desoreka ekonomikoak tentsio iturri dira, Europar Batasunean nahiz inguruan. Alemaniak gas errusiarra eta Poloniak hats errusiarra pairatzen dituzte. Arras adierazgarriak dira (historikoa ere bai) Espainiako arrisku saria Frantziakoren azpitik egotea edo Alemaniako motorraren hots eta krakatekoak, Landaben eta Gasteizen gertutik entzuten ditugunak. Parerik (eta atzera bueltarik?) gabeko deskarbonizazioaren aldeko apustuan, larrialdi eta arrisku klimatiko DANA baino, goidiak (milesker Andoni Aizpuru!!), lehorteak eta turismo gehiegikeriak mehatxu dituen Espainia dago hazkunde ekonomikoaren buruan, non etxebizitza krisia, defizit publiko dezentea, zerga politika hauskor eta zalantzatia bateratzen diren enplegu errekorrekin, migrazio hazkorrarekin, eta, oraingoz, inflazio beheratuarekin, eta, agian, interes tasa beheratuegiekin.

Ekonomikoki giltzarri dira erraldoi teknologikoekiko menpekotasuna (finantza alorrean DORA araudiak aztertuko duena, baina GAFA akronimoak laburtzen duena); multinazionalak zergapetzeko zailtasunak (Irlandak “sin fin” babestua); banku eta energia enpresen gaineko zergen nahi eta ezinak; edota “boomer” belaunaldiaren jubilazioaren erronkari erantzuna txikle baten gisa luzatzearena. Zaharrak berri, alegia; Eurotaldearen buru Paschal Donohoek esana lekuko. Segi ikertzen, segi hobetzen.

Euskal Herri kooperatibistan nahiz bestean, indibidualismoaren eta ustezko askatasunaren uretan ari gara igerian, baina ageriko menpekotasunak ditugu energia, jaki eta kulturan. Horratx hiru ardatz estrategiko, tranpa andanak inguratutako bidean.

 

Idatzi iruzkina