Aritz Otxandiano Kanpo
Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. Fagor Arrasate kooperatibako lehendakari, 2010 eta 2017 urte bitartean. Industria-ingeniaria.
Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. Fagor Arrasate kooperatibako lehendakari, 2010 eta 2017 urte bitartean. Industria-ingeniaria.
Beti esan izan dugu Fagorrek lotura estua duela komunitatearekin, komunitateak sortu zuela Fagor garai historiko zehatz batean zituen beharrei erantzuteko, eta, beraz, kooperatiba taldearen ardura ere badela komunitateak dituen behar berriei erantzuna ematea, gainontzeko eragileekin lankidetzan.
Horrek bere isla du Fagor 2030 iraunkortasun estrategian. Espreski, horri erantzuten dio estrategiak barnebildurik dituen bost konpromiso nagusietako batek. Horrela dugu jasota Fagorreko web orrialdean: “Gizartearen autoeratzea eta eragile ezberdinen arteko lankidetza sustatzea, herri eta komunitate iraunkorrak lortzeko”.
Horrek, Fagor bezalako kooperatiba talde batek komunitatean jarduteko duen moduari loturiko ikuspegia islatzen du. Herritarren ahalduntze eta autoeratzean sinesten dugu, eta, era berean, uste dugu, ditugun erronka konplexuei erantzuteko, ezinbestekoa dela eragile ezberdinen arteko lankidetza, nagusiki, eragile publiko eta kooperatibo-komunitarioen artekoa. Iraunkortasuna edo trantsizio ekosoziala ditugu erdigunean, ulertzen baitugu horiek direla garai historiko honetan gizarte moduan ditugun erronka nagusiak. Gure kooperatibek iraunkortasunerantz egin behar duten bezala, gu parte garen lurralde eta komunitateek ere egin behar dute. Eta guk ere badaukagu horri loturiko ardura bat.
Fagor Taldea eskualde eskalako kooperatiba talde bat izanik, batez ere hura erroturik dagoen Debagoiena bailaran gorpuzten da ekinbidea. Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea da konpromiso horri beste eragile batzuekin lankidetzan heltzeko Fagorretik egina dugun apustu estrategikoa. Gaur-gaurkoz, agenda ekosoziala oinarri, honako esparru hauek ari gara lantzen ekimen horren baitan: trantsizio energetikoa, ekosistema naturalen berreskurapena, elikadura sistemak eta mugikortasuna.
Lehenago aipatu bezala, komunitatearen autoeratzea eta lankidetza publiko-komunitarioa dira agenda ekosozial horri aurre egiteko darabiltzagun tresna nagusiak, eta erronka ezberdinei erantzuna emateko ardura izango duten subjektu komunitario berriak sortzea da bilatzen dugun helburu nagusienetako bat. Bazkide mota ezberdinak (erabiltzaileak, laguntzaileak, zerbitzu emaileak, langileak…) egitura bakarrean batzen dituzten subjektu komunitario horien bitartez gorpuzten da, hain zuzen ere, lankidetza publiko komunitarioaren kontzeptua.
Honekin ez gara ezer berria asmatzen ari. Debagoienean badaude filosofia berdinarekin eratu diren hainbat erakunde, Goiena, kasu. Eta hori bera zen Arizmendiarrietaren logika Mondragonen parte diren hainbat erakunde sustatzean. Erakunde horien artean daude Eroski, LagunAro edo Mondragon Unibertsitatea. Eragile mota ezberdinak barnebiltzen dituzten gobernantza eskemak dituzte horiek guztiek, eta komunitateak zeukan erronka jakin bati erantzuna emateko misioarekin sortu ziren.
Bidea, ekonomia sozialaren eremuan sortu diren beste eragile batzuekin lankidetzan ari gara egiten, modu berezian, Olatukoop-en bueltan antolatuta dauden eragile kooperatiboekin. Eta bada hau balioan jarri nahiko nukeen beste elementu bat: Mondragon eta Olatukoop ezaugarri ezberdinak dituzten ekonomia sozialeko eragileak dira, askotan elkarri bizkarra emanda jarduten dutenak, lankidetzarako espazioak esploratu beharrean. Nik beti pentsatu izan dut gehiago dela batzen gaituena bereizten gaituena baino, eta kooperatibismoaren barruko bi tradizio edo kultura ezberdin horien arteko lankidetzak potentzialitate handia duela. Are handiagoa, lankidetza horretara instituzio publikoak batzen direnean.
Ez dut esango bidea erraza izaten ari denik, lankidetzaz eta kooperazioaz denok hitz egiten dugun arren, lankidetza hori bere potentzialitate osoan praktikara eramateko bisio, konbentzimendu eta eskuzabaltasun handia behar delako, eta lankidetzaz hitz egitea errazagoa delako lankidetzan aritzea baino. Edozein kasutan, apustu hau ari da bere lehenengo fruituak ematen: Debagoienean sortzen ari diren komunitate energetikoak (Leintz bailarako Ekiola, Berener, Ixotzen, Esnargi, …), Tantai baso jabe kooperatiba edo elikadura burujabetzan jauzi bat emateko abiatu berri den prozesua, kasurako. Asko dago oraindik egiteko, baina ari gara bidea egiten.