Igor Ortega Sunsundegi
2005. urtetik, LANKI Mondragon Unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegiko irakaslea eta ikertzailea. Soziologian lizentziatua.
2005. urtetik, LANKI Mondragon Unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegiko irakaslea eta ikertzailea. Soziologian lizentziatua.
Mondragonen esperientziaren parte diren kooperatiben artean, politika sozioenpresarialen definiziorako edo hausnarketarako prozesuetan, esangura handia ari da hartzen erantzunkidetasunaren dimentsioa, besteren artean, hark kooperatibek heldu beharreko enpresa-erronketan edo gobernantza kooperatiboaren ikuspegian egin dezakeen ekarpenagatik.
Badira faktore batzuk bide horretan sakontzea eragiten dutenak. Nazioartekotzeari eta zorrozten ari diren merkatu eskakizunei loturiko dimentsioen eta konplexutzeen eraginpeko kooperatiba askoren antolaketa-bilakaerak agerian utzi ditu kooperatiba organoen ahuleziak edota zenbait erabaki asanbleariotan islatzen den kolektiboen eta organoen arteko distantzia. Ostera, eraldaketa kulturala eta gizartean azalaraziak diren balio berriak, egitasmo kooperatiboarekin inplikatzeko eta konprometitzeko modu berriak dituzten belaunaldien aspirazioen eta espektatiben bidez islatzen dira kooperatibetan. Gainera, sintoma disfuntzionalak nabari dira erronka berriei aurre egiteko beharrezko den eredu zorrotzago baten inplementazioan, eta, horrek, premiazkoago egiten du erantzunkidetasunaren gaiaren lanketa.
Dena den, gaiak ezinegona sortzen duen arren, aitorpen osoa merezi duten salbuespenez aparte, esan beharra dago ez dela aparteko aurrera urratsik egin kooperatibetan erantzunkidetasunaren kultura hedatzea eragingo luketen antolaketa-praktiken garapenean. Ez da lehentasun izan. Ez, behintzat, gutxieneko garapen konstantea eta sistematikoa ahalbidetuko luketen denbora eta baliabideak eskaintzeko hainakoa. Merkatuaren zurrunbiloak eta gizarte kontsumista eta indibidualista baten dinamikek garamatzate. Eta horiek, gure antolakundeen logikan, elementu arrotz bihurtzen dute motibazio transzendentalekin zerikusia duen oro.
Hori horrela, sarri, enpresa egoera zailei aurre egin edo batzarretan erabaki eskergabeak onartu beharra dagoenean berreskuratzen den apelazio bihurtzen da erantzunkidetasuna. Neurri batean, baliabide erreaktiboa da. Eta, bai, egia da, krisi garaietan, enpresaren defentsan, baliagarri dela kolektiboaren konpromiso orokorraren aktibaziorako.
Hori bai, erantzunkidetasuna dimentsio erreaktibora mugatzeak ez dirudi praktika gomendagarria. Gutxien gutxienik, haren forma demokratikoagatik boterearen banaketa banatua ahalbidetzen duen eredua izanik, disfuntzionala da. Eta, gainera, ereduaren pobretzea dakar, ez duelarik aintzat hartzen kooperatibaren helburu eraldatzaileak kultura kooperatiboa bultzatuko duten testuinguruak sortzea bilatzen duela. Horrek, pertsonen potentzialtasunaren eta erantzukizun zein elkartasun zentzuen garapenaren bidez, pertsonen hazkundean laguntzea ere balekarke.
Nola egin aurrera?
Tentagarria da pentsatzea enpresaren jabekidetzari lotutakoak -ekarritako kapitala, emaitzen banaketa, batzarretako erabakietan parte hartzea- nahikoa pizgarri direla bazkideek euren proiektu kooperatiboekiko duten erantzukizunaren zentzua indartzeko. Baina badirudi errealitatea horrelako sinplifikazioetatik aldentzen dela.
Dituen ezaugarriengatik, kide diren pertsonen konpromisoan eta erantzukizunean zorrotza behar lukeen eredua da kooperatibismoa. Mondragonen parte diren kooperatibetako kideek konpromiso eta erantzukizun maila altua dutenaren ideia da nagusi. Hori berresten duten adibide ugari daude. Errealitate hori, dena den, ez da eragozpen haren enpresaren jabekide den pertsona batengandik espero daitekeen horrekiko defizitak topatzeko. Erantzunkidetasuna moduko balio kooperatiboen inguruan lan egitea eta gisakoak ikusaraztea berezko izan behar lituzke kooperatiben enpresa garapenak. Proposamen horrek bi jarduera esparru eskatzen ditu, behinik behin:
1. Jokabide arduratsua zer den identifikatzea eta argitzea:
Kooperatiba-sozietatean sartzeko prozesua, harekiko erantzukizunak kontzienteki hartuz egin behar litzateke. Haien bizitza- eta lan-proiektuaren jabe eta arduradun diren pertsonen garapena bilatzen du kooperatibaren helburu eraldatzaileak, kapitalaren enpresenak ez bezala, zeinetan langileak onartua duen “agindupeko” izaera. Enpresa kooperatiboaren baldintzetan, bazkideak haren gain hartzen du kooperatibaren errentagarritasunari, finantzaketari, garapen teknikoari eta gobernu onari loturiko erantzukizunaren zati bat.
2. Bazkideek proiektua hobeto eurenganatzea eta haien erantzukizuna indartzea ekarriko luketen antolamendu testuinguruak sortzea:
Estrategia ezin daiteke bazkideei erantzukizuna eskatzera mugatu. Kooperatiben organoak ere baditugu etxeko lanak zeregin horretan. Zorionez, horri loturiko zenbait argibide eskaintzen dituzten hainbat ikerketek, eta, batez ere, kooperatiba desberdinak lantzen ari diren praktika berritzaileek. Bi jarduera esparru nagusi dituen ibilbide-orri baten zirriborroa egitera ere hel gintezke:
Hori guztia formakuntza/hausnarketa/eztabaida kooperatiborako dinamikekin osatu eta konpromiso sozialeko politikekin indartuko bagenu, egungo testuinguruarekin bat letorkeen Eraldaketa Kooperatiborako Helbururako osagaiak genituzke.