Oier Bolibar Mendizabal

Plugeen Mobility Services-eko CEO eta Fundatzailea. Irakasle gonbidatua Universitat Politècnica de Catalunyan (UPC). Energia berriztagarrietan eta Jasangarritasun energetikoan Unibertsitate Masterra Universitat de Barcelona-n (UB).

Blogera itzuli
Mugikortasuna

Energia fotovoltaikoaren sektoretik gatozenok hainbat parekotasun ikusten ditugu mugikortasun elektrikoaren sektoreari loturiko eboluzioari eta eguzki sektorean bizi izan genuenari dagokienean. Mondragon Assemblyko Igor, Josu, Iñaki eta beste hainbatekin askotan hitz egin izan dugu eguzki energia sektoreak izan dituen gora beherez. Hala ere, joera bat garbia izan da urte hauetan guztietan: alde batetik, orain dela 13 urte pentsatu ere ez genukeen egingo efizientzia mailak erdiesteko moduko garapena izan du teknologiak; eta,  beste alde batetik, hamarkada bakarrean, etengabeko kosteen murrizketa izan da, guztira, %90ekoa. Arrazoiak aztertuz gero, hainbat faktore aurkitzen dira arrakasta honen atzean, gutiek ere herrialde bererantz apuntatzen dutelarik.

Ez da hala ere kasualitatea patroi berdinen errepikapen bat ikustea baterien sektorean ere. Esandako faktore berdinen kopia-pega bat ematen ari baita baterien hornidura katean: produkzio kapazitatean inbertsio handiak, teknologia berrien garapen azkarra eta produktu berrien industrializazioan baliabide tekniko eta ekonomiko garrantzitsuen aktibazioa. Osagai hauek aurretik ikusi ditugu energia berriztagarrien beste arloetan, eta, orain, baterien sektorearen unea da.

Energia fotovoltaikoa, bai produkzio kapazitate aldetik zein kosteen beherakadaren aldetik, baterien sektorearekin konparatzen baldin badugu, joera berdina izaten ari da; eguzki plaken kosteak %92 egun du behera azken bi hamarkadetan, eta baterien kostea %80 egin du behera azken hamarkadan. 2023 -2024 urteetako konparaketa egiten badugu, Bloombergen arabera, %20 murriztu dira baterien kosteak.

Esan bezala, aurrez bizi izandako zerbaiten erreferentzia badugu. Eguzki energiak gorakada nabarmena izan zuen sare elektrikotik erosten den energiarekin alderatuta eguzki panelak instalatzea merkeagoa izaten hasi zenean, arrazoi ekonomiko purua. Argudio honi jarraikiz, ez gaude urruti baterien fabrikazio kosteek bateriek dituzten aplikazio desberdinetan koste parekotasuna lortzetik. Hala ere, parekotasun hau fase desberdinetan iritsiko da segmentu edo sektore desberdinetara. Adibidez, arlo industrial edo energetikoan, baterien erabilpenak epe motzean lortuko du koste parekotasuna soluzio berrien integraziorekin.

Eta mugikortasunaren arloan? Kontuan izanik munduko bateria fabrikazio kapazitatearen %80 dagoela mugikortasunaren arlora bideratuta, parekotasuna ez dago urruti. Hau da, baterien kosteen murrizteak, laster lortuko du ibilgailu elektrikoek konbustioko motorra duten ibilgailuen salmenta prezio bera izatea. Beste datu bat: orain dela gutxi arte, ibilgailu elektriko baten kostearen %50 artekoazen bateriaren kostea. Orain, %30-%40an gaude, ibilgailuaren tamainaren arabera, eta, laster, %20-%25ean jarrita dagoen parekotasun muga erdietsiko dugu, hau da, bateria zelda eta packen fabrikazio kosteak 100€/kWhtik beherakoak izaten hasten direnean. Orain 115€/kWh ingurukoak dira.

Hala ere, kosteaz aparte, mugikortasun elektrikoak oraindik baditu gainditu beharreko erronkak. Ibilgailu elektrikoaren erabiltzaile garenoi behin baino gehiagotan galdetu izan digute ia inoiz garabiak jaso gaituen bide ertzetik. “Autonomia antsietatea” kontzeptu psikologikoa identifikatu zuten 2000. hamarkadan, eta ez da harritzekoa orduko ibilgailu elektrikoek zeukaten autonomia kontutan hartuta. Hala ere, koste jaitsierak bezala, honek ere hurbil du bere “soluzio terapeutikoa”. Zelden energia dentsitatean dago gakoa, azken hamarkadan, urtean, %4 eta %10 artean hazi da bateria zelden dentsitatea. Hau da, ibilgailuek duten espazio mugatu berean kilometro gehiago sar daitezke eta joera mantentzen da. Hurrengo iraultza, egoera solidoko litiozko bateriekin etorriko da eta ordurako ibilgailuek, erregai depositu batekin bezalako distantziak egiteko ahalmena izango dute. Hiriburutan edo ibilbide motzetan, luzeagoak.

Ibilgailu elektrikoaren pertzepzioaren aldetik identifikatzen den muga nagusietako bat karga azpiegitura da, hala ere. Eta Fagor Taldearena bezalako ekimenek elektrifikazioaren hesiak jaisten laguntzen dute. Ibilgailu elektrikoen penetrazio ratioak karga puntu publiko gehiagoren instalazioaren eskutik joan beharra dauka eta ekimen honek hori du helburu. Fagor Taldeaz aparte, hainbat dira Estatu mailan eta Europa mailan azpiegituran inbertsioak egiten ari diren enpresak, negozio eredu berriei sarrera eta bultzada emanez. Azpiegituraren hobekuntzan egiten ari den esfortzua garrantzitsua da, baina gehiago beharko da “autonomia antsietatea” borrokatzeko, nahiz eta gaur egun Estatu mailan karga puntuen erabilpen maila %6koa besterik ez den. Hau da, karga kapazitate dezente gehiago dago instalatuta erabiltzaileak baino. Elkarren eskutik joan beharko duten bide paraleloak dira biak

Era berean, gogoan dut eguzki plakak fabrikatzeko erabiltzen zen energia inoiz errekuperatzen ez zela esaten zen garai hura. Gaur egun, urte erdi eta urtebete ingurukoa da eguzki panelen payback energetikoa. Beste 30-40 urtetan sortzen duen energia guztiz garbia da, beraz, positiboa da balantze energetiko.

Bateriei edo ibilgailu elektrikoei lotuta ere entzun izan dugu karbono emisioak ez direla konpentsatzen edo bateriak ez direla birziklagarriak. Ziurrenik aurretik komentaturiko jatorri bera dute informazio hauek, baina errealitatea da, Europan, ibilgailu elektriko batek 25.000 eta 30.000 km inguru behar dituela konbustioko ibilgailuaren emisioak parekatzeko. Kilometro kopuru horretatik aurrera ibilgailu elektrikoa jada konbustiokoa baino jasangarriagoa da. Bizitza ziklo analisi (LCA) hau egiteko, noski, baterien bizitza eta birziklagarritasuna hartzen dira kontuan. Bateriak ere birziklagarriak dira %95 baten, eta Iruñako Beeplanet enpresa daukagu adibide bezala, zeinak beste erabilpen batzuetarako aprobetxatzen dituen ibilgailu elektrikoen bateriak, eta, hori ezinezkoa denean, materialak errekuperatzen dituen. Caparroson planta baten egin berri dute inbertsio bat.

Egia da mugikortasun elektrikoak oraindik ere erronka ugari dituela, baina ohikoak diren kezka eta arazoei erantzun eta soluzio azkarrak ematen ari da aurrerapen teknologikoei eta azpiegituren inbertsioei esker. Mitoak zalantzan jarriz eta errealitateak aztertuz, argi dago ibilgailu elektrikoak alternatiba bideragarriak ez ezik, etorkizun jasangarriagoa izateko beharrezko irtenbidea ere badirela. Aurrera pausuak ematen, bagoaz.

Idatzi iruzkina