Leire Okarantza Ibabe
Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna. Zuzenbidean lizentziatua eta arlo sozietario kooperatiboan aritua.
Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna. Zuzenbidean lizentziatua eta arlo sozietario kooperatiboan aritua.
Urtebete honetan FAGOReko blogean argitaratu diren artikuluei erreparatu diet. Era berean, ikusi dut zer nolako gaiak jorratu ohi diren bestelako enpresa errealitateetan.
Industria, ekonomia, talentua, adimen artifiziala, trantsizioa, aniztasuna, erronka globalak… Buruhausterik ez dugu falta. Enpresa ugarik izango ditu egunerokoan kezkagai horietako edozein, baina bestelako elementu bereizgarriak ere nabarmentzen dira gure errealitatean: komunitatea, taldearen garrantzia eta lankidetza, besteak beste.
Proiektu sendoak, negozio lehiakorrak eta lurraldean errotutakoak dira gureak, eta, orain, paradigma berrietara egokitzea dagokigu, etorkizun oparoa izaten jarrai dezagun. Paradigma aldaketak kudeaketa irizpide berriak ezartzea eskatuko digu. Eta, horrez gain, bereizgarri izan ditugun eta abanguardian jarri gintuzten mekanismoak balioan jarri eta egungo beharretara moldatzea ere badagokigu. Belaunaldi ezberdinetako pertsonek egindako lanaren emaitza da eskuartean daukaguna, eta kooperatibak osatzen ditugun/dituzten pertsonek marraztuko dugu/dute etorkizuna. Gaur proiektuaren parte garen pertsonoi badagokigu etorkizuna irudikatzea eta luzera begirako estrategiak markatzea. Negozio errentagarriak izateko, komunitatearen beharrei begira jarduteko eta kooperatibetara etorriko diren pertsonek garapen pertsonal eta profesional oparoa izan dezaten aukerak sortzeko. Eta zeintzuk dira horretan guztian eragiteko palankak? Pertsonak. Ezagutza dakarten edo gurean jasoko duten pertsonak. Lanerako motibazioa eta proiektuarekiko atxikimendua ekarriko duten edo gurean eskuratuko duten pertsonak.
Zein ezagutza tekniko eta zein pertsona eredu izan nahi dugu gure erakundetan? Eta zein da kooperatibon balio proposamena?
Kooperatiba sare zabala eta aberatsa osatzen dugu eta gure balio eskaintza kooperatiba bakoitzak bakarka eskaini dezakeena baino askoz erakargarriagoa izan daiteke. Sortu ditzagun aukerak, gaurko eta biharko gazteek beraien etorkizuna gure kooperatibetan irudikatu dezaten.