Maite Legarra Eizagirre
Talentuaren erakarpenean eta garapenean aditua. MONDRAGON Korporazioa.
Talentuaren erakarpenean eta garapenean aditua. MONDRAGON Korporazioa.
Erakundeetako talentuaren kudeaketaren paradigma aldatu dela ez da gaurko notizia. Urteak daramatzagu hori esaten, antzematen eta sufritzen kasu askotan. Baina oraindik, gure jarduera eta portaerak, paradigma berri horretan kokatzea kostatzen zaigula esatera ausartuko nintzateke. Iraganean diseinatu eta funtzionatu zizkiguten patroietatik gaurko eta etorkizuneko erronkei erantzuna eman nahian gabiltza, aldatzea, guretzat ere, erronka bat delako bere horretan. Prozesuak eta sistemak eguneratzen dihardugun arren, errealitatea ulertzeko begirada da aldatu behar duguna eta kostatzen ari zaiguna, ondo errotua dagoen eta arrakasta asko eman dizkigun begirada, gaur fruituak emateari utzi dion begirada.
Gizartea aldatu egin da, testuinguru aldakor batean bizi gara. Etorkizuna (oraina ere) hauskorra da, ez lineala, ulertezina sarritan, antsietatea sortzen duena negozioan, prozesuetan eta pertsonetan. Gazte zein heldu, lana ulertzeko modua aldatu egin zaigu; balio berriak ditugu bihotzetan eta jokamolde berriak ekintzetan. Gure lanak zentzua izan dezan bilatzen dugu, helburu bat, ekarpen bat gizarteari. Harreman sanoak, osasuntsuak, bilatzen ditugu, berdintasunean, inklusioan eta aniztasunean oinarrituak, konfiantzan eta gertutasunean ardaztuak, bizitza pertsonala errespetatu eta zaintzen dutenak. Lanerako testuinguru hori eskainiko diguten erakundeen bilaketan arriskatzeko prest gaude, lanez aldatzeko prest gaude, abagune hori topatu arte, behin eta berriro.
Lau generazio, 8 kultura eta hizkuntza, emakume, gizon eta pertsona ez bitar bizi gara gure kooperatibetan, bakoitza gure behar eta nahiekin, esperientzia eta ametsekin. Erreferente (portaera eta ezagutzan) asko jubilatzear dauden honetan, ezagutzaren transferentzian fokoa jartzea nahitaezkoa den honetan, elkar laguntza eta zaintza beharrezkoak izango dira. Denok daukagulako zer eman eta zer jaso, ikasi eta erakutsi; adinak, hizkuntzak, generoak, kulturak edota esperientziak jartzen dizkigun mugak (askotan guk geuk gure buruan txertatutako barrerak) erantzunkidetasunez eta ausardiaz gainditu beharko ditugu merkatuan aurkituko ditugun desorekei aurre egiteko.
MONDRAGONeko kooperatibok, beste erakunde guztiak bezala, talentua erakartzeko eta mantentzeko zailtasunak ditugu eta izango ditugu etorkizunean. Bizi guztirako proiektuak bilatzen ez dituzten pertsona konprometituekin lan egitera ohitu beharko gara, gurean dauden bitartean beraien esperientziaz, ezagutzaz eta lankidetzaz baliatzen, bihar badoazela esaten digutenean ulertzen eta onartzen. Eta barruan dugun hori zaintzen, mimatzen, barrenean daukan talentu hori eskaintzeko eta potentziatzeko lanpostu eta zeregin egokienetan kokatzeko bideak eskaintzen. Nik ez dut uste talentudunak pertsona bakan batzuk direnik; alderantziz, pertsona oro dela talentudun pentsatzearen aldekoa naiz; hori bai, erakundeon eta pertsonon ardura da talentu horren maximoa emateko aukera eta testuinguruak eskaintzea.
Beraz, ezinbesteko egiten zaigu pertsonei balio proposamen erakargarri bat eskaintzea, MONDRAGONeko kooperatibetara lanera etortzeko eta gelditzeko aukerak eskaintzea. Horrek pertsonalizazioa eskatuko digu, goian aipatutako aniztasuna osatzen duten pertsonei beraien beharrak eta nahiak aseko dizkien proposamenak eraikitzea. Baina bai, pertsonalizazioak, nolabait pertsonak ezberdin tratatzeak, debatea dakar sarri gurean, uste dugulako hori ez dela justua, solidarioa, ekitatiboa. Kooperatibaren berdintasun printzipioan zuzen zuzenean jotzea duela uste dugu, eta uste hori barreneraino sartuta daukagu, hori da gure begiradarik errotuena, aldatzea gehien kostatuko zaiguna. Eta aldi berean, gehien aldatu beharrean gaudena. Begiratu dezagun pertsonalizazioa solidaritatearen betaurrekoetatik; bakoitzari, kolektibo edo pertsona bakoitzari, behar duen hori eskain diezaiogun bizitzako une bakoitzean, unean behar duen hori entzuteko mekanismoak jar ditzagun, kooperatiba aldamenean dutela senti dezaten, gero hori bueltan etorriko delako konpromisu, ilusio eta indar gehiagorekin. Baina horretarako, barruko sistema eta prozedimenduen markoak zabaldu behar ditugu, arduradun bakoitzak bere taldeko beharrei ahalik eta hobekien erantzun ahal izateko.
Arduradunak guzti honen ardatz dira. Beren taldeengandik gertu dauden arduradunak behar ditugu, entzuten dakitenak, horretarako denbora dutenak; laguntzen dutenak, ikasteko eta hazteko feedbackak ematen dituztenak, lorpenak aitortzen dituztenak. Baina, aldi berean, plano estrategikoan jokatzen dutenak, etorkizuna ulertu eta marrazten dutenak, beren taldeak horra eramaten dituztenak, bertara begira jartzen dituztenak. Ez da lan erraza, geroz eta gutxiago dira rol hau hartzeko pausu bat ematen duten pertsonak, ez delako lan komodoa, lineala. Tentsioak daude, maila operatiboaren eta estrategikoaren arteko giltzarria izatea eskatzen zaie, denak daude beraiei begira. Horregatik, pertsona eta rol hauek ere asko zaindu behar dira, entzun, beraien lan karga neurtu, ekilibratu, babestu; zaintzailea zaintzea tokatzen zaigu, inoiz baino gehiago.
Begirada berri hauen iparrorratza MONDRAGONeko eta berau osatzen dugun kooperatiba bakoitzeko bisioa izan behar da. Gizartea aldatzen ari da, erronka asko eta berriak ditugu zain herriko plazetan eta kanpoko merkatuetan. Hauei erantzun berriak emateko prestatu behar ditugu gure taldeak, pertsonak. Izaera kooperatiboak hausnarketa eta erabaki guztien muinean egon behar du, pertsonalizazioan, ausardian, negozio ereduan eta pertsonen zaintzan eragiteko badela beste modu bat argi izan eta erakutsi beharko dugu. Hori da gure erronka nagusia.
Arizmendiarrietak esaten omen zuen: “Mundua ez zaigu eman bakarrik begiratzeko, eraldatzeko ere eman zaigu, eta eraldaketa hori ez da eskuekin egingo, lehenengo ideiekin eta ekintza planekin egingo da”. Hausnartu zer izan nahi dugun, zein izango den egingo dugun ekarpena eta horrekin, izan gaitezen ausartak, pertsonok erantzungo dugu eta.