Modulu fotovoltaikoak ekoizten dituen Solarge enpresa herbeheretarraren enkargua jaso du Mondragon Assemblyk. Fagor Taldeko kooperatiba espezialista da teknologia-balio handiko lineatan eta eguzki industriaren unean uneko beharretara egokitzeko zereginean. Hori horrela, buru-belarri dabil 100 MW-ko ad-hoc diseinaturiko linea automatikoaren ekoizpenean. Bada, enpresa herbeheretarrak eguzki modulu arinak ekoitzi ditzan, haren tamainara dago fabrikatua. Hitzartutakoaren arabera, linea berria urteko hirugarren hiruhilekoan jarriko litzateke Solargek Weerten (Limburg) duen plantan, eta ekoizpena hasia luke urtea bukatu aurretik.
Egitasmo berriak Mondragon Assemblyren eta Solargen arteko interkooperazioa du oinarri. Hari esker, besteren artean, bezeroaren beharretara egokitu dira gisako lineatan esangura handikoak diren makinak. Gauzak horrela, teknologia-balio handiko bezeroaren araberako soluzioak eskaintzen dituen enpresa modura posizionatzeko urrats berria da eskaera Mondragon Assemblyrendako.
Solargek hedabideei azaldu moduan, ohikoa baino arinagoa da hark garaturiko modulua. Hori mesedegarri da panelen egokigarritasunarentzat, eta teilatuetan jartzea ahalbidetzen du, karga gaitasun mugatuarekin. Gainera, modulua %100ean da birziklagarria, PFAS material barikoa. Eta karbono aztarna %75eraino murriztu dezake ekoizpen prozesuan.
Finean, modulu fotovoltaiko arinak egiteko teknika patentatu berri baten oinarria sortzea ahalbidetu du Herbehereetako enpresak zuntzez indarturiko polimeroak erabiltzeak. Tartean, beharren arabera, gaur egun zein etorkizunean eskuragarri dauden eguzki zelula egokienak aukeratzeko eta erabiltzeko aukera dakar teknika berriak. Horretan geratu barik, aplikazio malgutasuna ere badakar: agrivoltaics, floating eta rooftop. 2024. urterako, 380 MWp-ra zabaldu gura luke Solargek ekoizpen-lerroaren gaitasuna.