Oñatiko Garibai auzoan (Gipuzkoa) duen planta handituko du Fagor Professionalek. Bada, 2023an hasiko da eraikitze fasea, eta 11.000 metro karratuko azalera izango du azpiegitura berriak. Horrek, besteren artean, aukera eskainiko du kooperatibaren plantek Foodservicearen -Oñatiko Santxolopeztegi auzoko lantegia- eta Garbigailuen -Garibai auzoko lantegia- sektoreen espezializazioan sakondu dezaten. Orotara, 16,5 milioi euro inguruko inbertsioa eskatuko luke azpiegitura berriak, eta, aurreikuspenen arabera, 2024an bukatuko lirateke lanak.
“Etorkizuneko erronkei behar moduan heldu nahian harturiko erabakia da. Garibai auzoko plantaren kapazitatea bikoizteak eragin zuzena izango du ekoizpenean. Eta lanpostu berriak sorraraziko ditu. Hori oso berri pozgarria da Oñatirentzat, eta, oro har, Debagoiena osoarentzat”, azaldu du Patxi Azpiazu Echevarria Onnera Group-Fagor Professionaleko lehendakariak. Finean, azken urteotan, goraka doa kooperatibak Garbigailuen sektorean duen eskaera, eta, horrek, ekoizpena handitu beharra dakarkio.
Efizientzia, erdigunean
Iraunkortasunari loturik hartuak dituen konpromisoak oinarri, Fagor Professionalek erdigunean du jarria planta berriaren eta bertan ekoitziko diren produktuen efizientzia: ingurumenari begira, biak ala biak, beren sektorean, munduko efizienteenak lirateke. Besteren artean, punta-puntako sistemak izango dituzte energia- eta ur-kontsumoaren kudeaketarako.
Hona hemen etorkizuneko Garibaiko plantaren irudia: