Jabetza Industrial eta Intelektualaren (JI) Nazioarteko Egunaren harira, gaian sakontzeko jardunaldia antolatu zuen Fagor Taldeko Galbaian kooperatibak, apirilaren 26an, Arrasateko Garaia parke teknologikoan (Gipuzkoa). Hain zuzen ere, Jabetza Industrial eta Intelektualak mundu digitalean duen garrantziari buruzkoak izan ziren jorragai, eta alorreko hizlari desberdinek esku hartu zuten hitzorduan. Ismael Igartua Irizar Galbaianeko zuzendari nagusiak eman zion hasiera jardunaldiari, sarrerako hitzartze batekin. Eta, hori eginda, Idoia Apraiz Tellechea kooperatibako JIaren Kudeaketa Estrategikoko arduradunak hartu zuen hitza. Hainbat erronka nabarmendu zituen hark: JI estrategia negozio eredu berrietara egokitzea, produktu edo zerbitzu berrientzako JI estrategiaren 360 graduko diseinua egitea eta JIaren estrategia berrikuntza prozesuetan txertatzea.
Jarraian, Elena Zabala Iturriagagoitia Galbaianeko Software Patenteen arduradunak hartu zuen hitza, eta JIak eskaintzen dituen bi tresnen inguruan egin zuen berba: patenteak eta enpresa-sekretuak. Horiekin, besteak beste, softwarea patentatu ezin denaren “uste okerra” baztertu gura izan zuen. Gainera, haren hitzetan, ordenagailuz inplementatutako asmakizunak patentatzeko aukerarik ere bada, beti ere, ekarpen teknikoa badago eta berritasun zein asmakuntza baldintzak betetzen badira. Eta, era berean, azpimarratu zuenez, posible da adimen artifizialean oinarritutako erabilera kasuak patentatzea.
Ondoren, aurkezpenekin bukatzeko, Itziar Lopez de Bergara Lasa Galbaianeko Arlo Juridikoko arduradunak hartu zuen hitza. Hark, programa informatikoen autore-eskubideak eta autore-eskubideen edota sui generis eskubideen bidezko datu-baseen babesa izan zituen hizpide. Hainbaten artean, software libre edo kode irekikoen erabilera identifikatzearen garrantzian jarri zuen azpimarra, horrek garatutako softwarearen ustiapenean dituen ondorioetan sakontzearekin batera. Mundu digitaleko arau-aldaketak ezagutu beharraz eta horien garrantziaz ere egin zuen berba, tartean, Europako Datuen Estrategiari erreferentzia eginez.
Mahai-ingurua alorreko adituekin
Aurkezpenak bukatuta, mahai-inguru bati eman zitzaion hasiera. Zehatz esanda, Roman Orus, Multiverseko sortzaile taldekoa eta CSOa eta Ikerbasqueko Ikerketa Irakaslea DIPCn; Nerea Aranguren, Idekoko zuzendari nagusia eta Danobatgroupeko Berrikuntza zuzendaria; Arrate Jaureguibeitia, Baiceko Estrategia eta Koordinazio arloko arduraduna; eta, Pedro Muñoz-Baroja, Berriupeko sortzaile taldekoa eta Easo Ventureseko zuzendari nagusia izan ziren mahai-inguruko protagonista.
Roman Orus izan zen hitz egiten lehena. Eta Multiversen JI estrategia partekatu zuen berbaldira bertaraturikoekin, oro har, landuriko erabilera kasu guztiak patenteekin babesteko ahaleginean oinarritzen dena. “Multiversentzat funtsezkoa da JI hau sortzea eta hirugarrenekin sinatzen dituen akordioetan haren gaineko jabetza bermatzea”, aitortu zuen. Hori berretsiz, Europako patenteen eskatzaile zerrenda mahaigaineratu zuen: Espainiako Estatuko enpresa eskatzaileen artean bosgarrena da Multiverse -askoz handiagoak diren erakundeen parean da-. “Kontua ez da Multiversek asko patentatzen duela, besteek oso gutxi patentatzen dutela baizik”, argitu zuen.
Bere aldetik, Danobatgroupek eta Idekok IP kudeaketa aktiboa egiten dutela azaldu zuen Nerea Arangurenek, berretsiz JIa hasieratik dela aintzat hartua lantzen dituzten proiektuetan. Era berean, DAS izeneko sistema bati lotutako arrakasta egoera bat mahaigaineratu zuen, eta adimen artifizialean oinarritutako erabilera kasuak berrikusi beharraz egin zuen berba -baliagarri litzateke patentatzeko aukera posibleak ebaluatzeko-. Ostera, adimen artifizialaren alorreko JI estrategiari loturiko zenbait jarraibide aipatu zituen Arrate Jaureguibeitiak: sortutako JIa behar bezala identifikatu eta babestea, abiarazten den lankidetza bakoitzerako kontratu argiak egitea eta aktiboen monetizazioan oinarritutako negozio eredu berriak kontuan hartzea.
Azkenik, Pedro Muñoz-Barojak hartu zuen hitza. Haren esanetan, mundu digitaleko proiektuak dira Berriup eta Easo Venturaren startupetako asko. Azaldu zuenez, startupak bultzatzeko edota horietan inbertitzeko erabakian pisu handia du taldearen izaera ekintzaileak, baina bada hortik haragokorik. Alegia, berebiziko garrantzia izan dezake proiektuarekin lotutako teknologiak, eta, hor, tentuz landu beharrekoa da JI bidez babesteren zeregina.
Galbahe saria 2023
Aurreko urteetan bezala, World IP Day Jabetza Industrial eta Intelektualaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna aprobetxatu zuen Galbaianek Galbahe sariaren irabazlearen izena emateko: Vicinay Marine Innovacioneko Nagore Abrisketa Lozanok bereganatu zuen aitortza. Ez zituen lankideak ahaztu, eta balioan jarri zuen diseinu arloko kideek asmakuntza berriak garatzeko egin ohi duten ahalegina.
Dena den, Abrisketa ez da asmakuntzetara mugatu. Horrez gain, haren eginak du bere erakundearen barruan landuriko asmakuntzen babesarekin eta patenteekin lotutakoak zentzuz kudeatzearen ardura. “Egindako lan onari esker, erreferente bihurtu da patenteen arloan, eta, Vicinay Taldearen barruan, IP gaiak diren gainerakoetan ere bai”, azaldu zuten saria banatzeaz arduratzen direnek.