Berriki martxan jarria duen Mundu berri bat guztiontzat egitasmoa aurkeztu du asteburuon Bizipoza elkarteak. Haren parte diren hamaika elkarteren errealitatea ikusarazi guran, hamaika bideoklip eta hamabi kantu ditu sortuak, zenbait euskal sortzaileren laguntzaz. Eta dagoeneko ikusgai da lehen bideoklipa: Bizipoza auzolan. Besteren artean, Hernanin egindako aurkezpen ekitaldian izan da Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna -ekimenaren babesleen artean da Fagor Taldea-. Harekin batera izan dira Bizipoza elkarteko hainbat kide, proiektuan esku hartu duten zenbait sortzaile…
Bada, Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna “pozik” azaldu da egitasmoarekin, eta azpimarra jarri du hark bultzaturiko lankidetzan: “Uste dugu gizarteari, eta, oro har, urtean zehar sorturiko dinamika sozialei ekarpena egitea dagokigula. Dudarik barik, Bizipoza elkartearen jarduna bat dator Fagor Taldaren balioekin: pertsonak ditu erdigunean jarriak, euskaratik lantzen du inklusioa eta lankidetza du oinarrian. Garrantzitsua da halakoen jarduna bultzatzea eta ikusaraztea”. Konpositoreen, musikagileen, bertsolarien, marrazkilarien, elkarteetako kideen eta bestelakoen elkarlanaren fruitu da Mundu berri bat guztiontzat.
Bestetik, Bizipoza elkarteko kideen esanetan, proiektuak “sekulako bultzada” dakarkio zenbait elkarteren errealitatea azalarazteko zereginari. “Sentsibilizaziorako bitarteko da, gizarte justuago baten bidean, talde lanean, eraikitakoa”, gaineratu du Amaia Elizondo Martiarena Bizipoza elkarteko kideak. Oro har, egitasmoaren nondik norakoak azaldu dituzte aurkezpen ekitaldian, eta, horretan geratu barik, hurrengo urratsak iragarri.
Bizipoza: 35 elkarteren elkargune
Askotarikoak dira Bizipoza elkarteak, gizarteko kolektibo ezberdinen inklusioa bultzatzeko helburuarekin, urtean zehar bultzatzen dituen ekimenak. Eta, horretarako, funtsezko du haren parte diren 35 elkarteren ekarpena -izaera bereziko gaiak lantzen dituzten horiek guztiek, haurren eta familien ongizatea erdietsi guran-. Hor daude Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartea, Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa, Mindara dibertsitate funtzionala duten pertsonak artatzeko Gipuzkoako elkartea, Naizena adingabe transexualen familia elkartea, Ulertuz Bizkaiko haur gorren familien eta lagunen elkartea, Chernobilen Lagunak, Seaskako Integrazio Batzordea…
Astean bi bideoklip
Esan moduan, dagoeneko argitaratua dago bideoklip sortako lehena, Bizipoza auzolan izenpean. Eta datozen asteetan argitaratuko dituzte gainerakoak, elkartearen webgunean eta sare sozialetan. Zehatz esanda, beheko zerrendan daude ikusgai bideoklipen zerrenda eta argitalpen egunak –bi bideoklip estreinatuko dituzte astero-:
Urtarrilak 27: Aukerak eta zu (Oporrak Bakean).
Urtarrilak 30: Piraten indarra (Aspanogi-Aspanovas).
Otsailak 3: Hemen gaude (Hiru Hamabi).
Otsailak 6: Bizitza da gorputza, askatasuna bihotza (Gehitu).
Otsailak 10: Orbainen azpian (Bihotzez).
Otsailak 13: Amigo (Biak Bat).
Otsailak 17: Haizearekin jolasean (Aspanif).
Otsailak 20: Bi(h)urritasun (Integrazio batzordea).
Otsailak 24: Maskorraren ipuina (Ulertuz).
Otsailak 27: Zatoz gure kerara! (Kale Dor Kayiko).
Martxoak 3: Amets bat eskuetan kantua (Joxe Mari Auzmendi).
Hemen ikus daiteke Bizipoza auzolan izeneko bideoklipa -ekimenaren aurkezpen egunean egin zuten publiko-: