Mugikortasun astea erdigunean, Ciclogreen aplikazioaren bidez, erronka berria dago martxan Fagor Taldeak mugikortasun iraunkorra bultzatu guran sorturiko Fagor Mugi ekimenean. Hain zuzen ere, Urban Mobility Challenge izenpean, irailaren 16tik urriaren 16ra bitartean pilatzen diren kilometroen araberako sailkapena du egina Ciclogreenek -bezeroen artean dira Fagor Taldea, Ulma, Decathlon, CAF…-. “Asmoa da aplikazio honen erabiltzaileak kilometro iraunkorrak egitera bultzatzea. Mugikortasun ohiturak aldatzeko bitartekoak inoiz ez daude soberan, eta, hori horrela, Urban Mobility Challenge erronkari ere egingo dio ekarpenik Fagor Taldeak, kilometro iraunkor gehien pilatzen dituen Fagorkideari Harreman Dendako saskia emanez”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Dena den, Fagor Taldeak mugikortasun iraunkorrarekin duen konpromisoa ez da hor bukatzen. Hortik harago eginez, aurrera begirako bide-orria zehaztu guran, mugikortasun iraunkorrerako plana landu du berriki. Besteren artean, Taldeko kide diren kooperatibetan mugikortasun jasangarrirako ibilgailuen erabilera errazteko bitartekoak jartzea, garraio kolektiboa bultzatzeko ekinbideak sustatzea eta langileen lekualdatzea murrizteko neurriak abiaraztea modukoak proposatzen ditu mugikortasun planak. “Orain, proposamenak mahai gainean, horien egingarritasuna neurtu, eraginak aztertu eta balizko neurriak abiarazi beharra legoke. Urrats sendoak behar dira, eta bidean aurrera egiten jarraitzeko prest dago Fagor Taldea”, aitortu du Iraunkortasun arduradunak.
Bailara mailako erronka
Mugikortasun iraunkorrarena ez da kooperatiba taldera mugatzen den erronka. Hortik harago egin gura luke Fagor Taldeak, Debagoiena eskualdeko (Gipuzkoa) enpresa, eragile eta erakundeen arteko lankidetzarako aukerak aztertuz, eta, posible litzatekeen kasuetan, ekinbide bateratuak bultzatuz. Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen bidez egingo litzateke hori. “Mundu mailako erronka da mugikortasun iraunkorrarena. Gainera, Debagoienearen kasuan, hura da CO2 isurpenen bigarren eragile nagusi. Egoera iraultzeko, karbono aztarna murriztu beharra dugu, eta, hor, funtsezkoa izango da mugikortasunean eragitea. Horretarako, hainbaten artean, Debagoiena mailako neurriak hartu behar lirateke, ez bailitzateke aski kooperatiba talde barrukoekin”, azpimarratu du Otxandianok.