Berriki bukatu da Mugikortasun Astea -irailaren 16tik 22ra bitarte egin da-. Artean ere, haren harirako ekimenarekin darrai Fagor Taldeak: Ciclogreenek bultzaturiko enpresen, erakundeen eta entitateen arteko lehiaketan murgildurik segitzen du. Hain zuzen ere, hura da Fagormugi mugikorrerako aplikazioaren kudeatzaile, eta ohiko du harekin elkarlanean dihardutenen arteko lehiaketa abiaraztea Mugikortasun Astearen inguruko egunetan. Aurtengoan, urriaren 16an emango zaio bukaera eta hartan esku hartzeko aukera dago oraindik ere. Erronkaren parte bilakatzeko, Fagormugi aplikazioan izena eman besterik ez da egin behar. “Urtebete eskas pasa da ekinbidea abiarazi genuenetik. Ordutik, goraka egin du harekin bat egin duten langile kopuruak. Geroz eta iraunkorragoak dira geure mugikortasun ohiturak. Ederra litzateke ekinbidea indartzen segitzea”, aitortu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Bada, irailaren 16an eman zitzaion hasiera lehiaketari eta sailkapena ikusgai da dagoeneko. Zehatz esanda, seigarren postuan da Fagor Taldea -irailaren 23ko datua da-. Esan beharrekoa da, ostera, badela Debagoieneko beste enpresarik hasierako postuetan: laugarren postuan da Ulma. “Debagoienean bide oparoa dugu egina egitasmo honetan. Kilometro iraunkor ugari ditugu pilaturik eta bizikletaz eginikoak dira horiek gehienak. Badirudi bailarako mugikortasun ohiturak aldatzen ari direla, neurri handi batean, azken urteetan eraiki den bidegorri sareari esker”, azaldu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Finean, horixe bera da Fagormugi ekimenaren helburu nagusia: langileen artean mugikortasun iraunkorrari loturiko ohiturak sustatzea.
‘Fagormugi’, bide oparoan murgildurik
Fagormugi da Fagor Taldeak gaur artean mugikortasun iraunkorraren alorrean martxan jarria duen azken egitasmoa. Hain zuzen ere, aipaturikoak, duela urtebete hasi zuen bidea, mugikorrerako aplikazioaren sorrerarekin. Oro har, langileen artean mugikortasun iraunkorra sustatzea du xede nagusi -besteren artean, lanerako bidea oinez, bizikletaz, patinetez, garraio publikoan edo auto partekatuan egin dadin bitarteko izan gura du-. Ostera, langileak eginiko kilometroak gordetzen ditu aplikazioak eta sariak jasotzeko aukera dago horren truke. Eskualdeko dendetarako erosketa bonuak edo garraio publikoan erabilgarri den Mugi txarteleko errekarguak daude sarien artean.
Oro har, ekimenak orain arte egina duen bidearekin “pozik” azaldu da Iraunkortasun arduraduna. Izan ere, urtebeteko ibilbidean, 173.000 kilometro iraunkor baino gehiago dituzte pilaturik Fagor Taldeko kooperatibetako langileek -37.100kg CO2 baino gehiagoren isurketa saihestea ekarri du horrek-. Gaur-gaurkoz, 400 pertsona inguru dira Fagormugi aplikazioarekin bat egina dutenak. Eta, esan moduan, sarirako aukera ere badakar aplikazioaren erabilerak. Bada, urtebetean 1.300 euro bideratu dira tokiko komertzioetara, eta, 600 euro, Mugi txarteleko errekarguetara -irailaren 23ko datuak dira-. Berdinean segitzeko deia egin du Iraunkortasun arduradunak: “Oraindik kilometro iraunkor ugari ditugu pilatzeke, eta, urrats berri ugari, egiteke”.