Fagor Taldea kide den Mondragon Korporazioak positibotzat jo ditu 2021eko ekitaldiko emaitzak. “2020a Covid-19ak baldintzatuta igaro ondoren suspertze urtea izan da”, azaldu du prentsa ohar bidez. Korporazioak batzen dituen kooperatibek, orotara, 11.404 milioi euroko salmentak egin zituzten -2020an baino %5 gehiago-. Horrekin, covid aurreko salmenta zifretara gerturatzea lortu zen.
Enpleguari dagokionez, 80.821 lanpostu zeuden 2021aren amaieran. “Horrek esan nahi du kooperatibek, oro har, aurreko urteko enplegu mailari eustea lortu zutela”, argitu du. Eta inbertsioen zifra ere ekarri du gogora: 390 milioi eurora iritsi zen -2020an baino %16,5 gehiago inbertitu zen-. Ebitdak, berriz, %0,6ko hazkundea izan zuen, 1.332 milioi eurora helduta.
“Zifrek baieztatzen dute 2021ean kooperatiba gehienak Covid-19aren krisitik suspertzeko gai izan direla, ahaleginak eginda, jakina; eta martxa onean ari dira, ziurgabetasun geopolitikoa, lehengaien kostuaren igoera eta inflazioaren gorakada gorabehera”, azpimarratu du. Eta horrek eman du fruitutik: taldeak 2022ko ekitaldiko lehen bost hilabeteetan izandako portaerak, salmenten %10 inguruko hazkundea ekarri du.
Mondragonen, alor ezberdinak elkarrekin
Alor ezberdinetako negozioak barnebiltzen ditu Mondragonek. Hori horrela, alorka banaturiko datuak ere jakinarazi ditu prentsa oharrean. Batetik, industria alorrean jarri du mira. 2021eko ekitaldiaren itxieran, Mondragoneko industria kooperatibek 37.521 laguneko plantilla zuten lanean, eta, orotara, 6.017 milioiko fakturazio agregatua izan zuen -2020an baino %14,2 gehiago-. Emaitza horrekin, covid aurreko salmenta datuetatik gertu geratu ziren. Bestetik, emaitzak azpimarratu ditu Mondragonek: 392 milioikoak izan ziren. “Produktibitate ratioetan nabaritu dira emaitza horiek”, gaineratu du. Eta 240 milioi eurokoak izan ziren industria alorreko inbertsioak -2020an baino 48 milioi euro gehiago-.
Bestetik, banaketa arloko datuak dakartza prentsa oharrak -Eroski eta Erkop elkartea daude hor-. Kasu horretan, 2021ean, 5.387 eurokoak izan ziren salmentak -aurreko ekitaldian baino %3,7 gutxiago-, eta 39.588 laguneko plantillarekin itxi zuten ekitaldia. “Lortutako emaitza garbia izan zen Eroski Taldeak 2021ean izandako bilakaeraren alderdirik positiboenetako bat. Izan ere,105 milioiko emaitza lortu zuen, azken 10 urteetan izandako emaitzarik onena, nahiz eta elektrizitateak, haren negozioak lehiarako duen aldagai estrategikoak, kostu handia eduki”, azpimarratu du Mondragonek prentsa oharrean.
Finantza alorrean, bestalde, ohiko banku negozioen astenia egoera orokorra gainditu du Laboral Kutxak 2021ean, 108,8 milioi euroko irabazi bateratuarekin. Gainera, haren kreditu zorroaren kalitatea hobetzea lortu du, %2,8ko berankortasun ratioarekin, sektoreko batez bestekoaren “oso azpitik”. Azkenik, Mondragonen prentsa oharraren arabera, haren merkatuko erabateko lider gisa finkatzen da kaudimenari dagokionez (%21,81), eta likidezia posizio “lasaia” du, ezarritako araudi eskakizunetik “oso urrun”. LagunAro BGAEk, berriz, 28.228 mutualista aktibo zituen guztira urte amaieran, eta haren ondare funtsa 7.326 milioi eurokoa izan zen. Kapitalen merkatuetan ziurgabetasuna egon arren, positiboa izan da haren inbertsioen kapitulua.
2021eko ekitaldiaren bilakaerari dagokionez, Mondragoneko Kontseilu Nagusiko presidente Iñigo Ucinek adierazi du korporazio osoaren bilakaera positiboa izan dela, salmenta zifrek jardueraren susperraldia baieztatzen dutela eta emaitzak onak izan direla, “kooperatiba guztiek beren eraginkortasun ratioak hobetzeko hartutako neurrien ondorioz”. Era berean, uste du kooperatibak 2022ari aurre egiteko gai izango direla, “eguneroko kudeaketan zailtasun handiak egon arren eta ziurgabetasun geopolitikoak gorabehera”.