Ohikoan, markak edo izenak ez dira soilak. Hausnarketa bat eta hitzekin eginiko esperimentuak dituzte oinarri. Alegia, hitz joko saiakerak, abizenen siglak, hitz zatiak… dituzte erro. Eta FAGOR markaren kasua ez da salbuespen. Hausnarketa egon zen, beraz. Hori bai, hausnarketa horren emaitza ez zen FAGOR izan. Beste arrazoi batek eragin zuen FAGOR marka-izenaren sorrera.
Jatorriz aretxabaletarra den Maximo Beltran de Otalorak Gasteizen (Araba) zuen Otalora lantegia eskuratu zuten 1955ean Luis Usatorre, Jesus Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose Maria Ormaetxea eta Javier Ortubai gazteek, 400.000 pezetaren truke. Eta Ulgorren –Fagor Etxetresnak izango zen, urte batzuetara– sorrerari ekin zioten. Esan barik doa Ulgor izena ere ez zela ausaz aukeraturikoa izan. Sortzaileen abizenak ditu oinarrian.
Bada, lehen urte haietan, erositako lantegian bertan ekoizten ziren su txikiei aldaketa txiki batzuk egin, eta TAGOR markarekin (Talleres Ulgor) saltzeari ekin zion Ulgorrek. Horiek izan ziren lehen urratsak. Eta sendotzen zihoan, hortik gutxira, lantegia Arrasatera (Gipuzkoa) lekualdatzean, esangura handiagoko aldaketak egin baitzituen kooperatibak haren produktuetan. Bestelako produktuekin ere hasi zen, gainera: TAGORrek berak diseinaturiko lehen su txikia sortu zen, Maite izenpean; elektronikaren alorrean murgildu zen; petroliozko estufa merkaturatu zen, Loretta; fundiziorako pabilioi bat eraikitzeari ekin zitzaion…
Eta, azkenean, 1959. urtean, TAGOR marka erregistratzeko tramiteak hasi zituen Ulgorrek. Baina ezin izan zuen bere horretan erregistratu, Tago izeneko enpresa bat baitzegoen Durangon (Bizkaia). Ordurako, Ulgorrek eginak zituen haren produktuetarako zenbait trokel, eta baztertua zuen haietan, eta, ondorioz, marka-izenean, aparteko aldaketa egiteko aukera. Beraz, izen berria behar zen, baina aldaketa txiki bat besterik ezin zitekeen egin.
Irizpide horrekin, “T” letrari lerro bat jartzea bururatu zitzaien kooperatibako kideei, ordura arte “T” letra zena, “F” letra bilakaraziz. Horrek ez zukeen aparteko aldaketarik eragingo, eta posible zatekeen trokeletan egokitzapen hori egitea. Egin zuten, eta hortik etorri zen TAGORretik FAGORrerako aldaketa. Finean, lerro batek sortu zuen FAGOR marka.
Hemen, FAGOR markaren bilakaera: