Kooperatiben Kontseiluaren aitortza jaso du Fagor Taldeko Onnera Group kooperatibak Euskal Herritik mundu hobea eraikitzeko lanean mende erdi baino gehiago egiteagatik. Harekin batera, beste 30 enpresa baino gehiagok jaso dute aitortza —horiek guztiek, azken bost urteetan ospatu dute 50. urteurrena—. “Ibilbide luzea duten ehun enpresa kooperatibo baino gehiago ditu EAEk. Mende erdia baino gehiagoko historia duten kooperatibak dira, sektore oso ezberdinetakoak. Heterogeneotasun horrek garbi uzten du edozein sektore gara daitekeela kooperatibaren figura juridikoaren pean“, azaldu du Patxi Olabarria Furundarena Kooperatiben Kontseiluko presidenteak.
Era berean, mugimendu kooperatiboaren aitortza soziala egiteko premia azpimarratu du Kooperatiben Kontseiluko presidenteak: “Kooperatibak aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalerako benetako motorra dira. Mundu honetan, non desberdintasunak gero eta gehiago diren, kooperatibek erakusten digute badagoela aberastasuna modu bidezkoagoan banatzerik, pertsonak beren jardueraren erdigunean jarriz. Gure herriaren garapenari egiten dioten ekarpenagatik, aitortza sozial handiagoa behar dute“.
Ibilbide luzeko kooperatiba
Onnera Group kooperatiba moduan 1973an eratu bazen ere —Fagor Industrial izenpean eratu zen—, 1960an hasi zuen ibilbidea, Ulgor kooperatibak, ostean Fagor Etxetrensak izango zenak, sukalde industrialen sektorerako departamentua sortu zuenean. Ordutik, hazten jardun du, haren eskaintza zabalduz: sukaldeak, marmitak, frijitzeko makinak, gaitasun handiko sukaldeak, gama modularrak, armairu beroak, maria bainuak, fijitzeko makina elektrikoak, ontzi garbigailuak, garbitegi industrialak… Fagor Professional izen komertziala izan du azken urteetan, eta 2024an hartu zuen Onnera Group izena. Oñatin (Gipuzkoa, Euskal Herria) du egoitza nagusia, eta mundu osoan dago presente.