Iganderako (urriak 17) Urkuluko urtegian antolatua dagoen kooperatiben arteko VI. lasterketa solidarioan esku hartzeko deia egin die Gehikoopek kooperatibetako kideei -haren parte dira Fagor Ederlan eta Copreci, Mundukide, Arizmendi eta Maierrekin batera-. Oraindik zabalik dago hitzorduan esku hartu ahal izateko izen-ematea; Mundukideren webgunean dago horretarako aukera. Aurten, gainera, hiru modalitate jarri dira parte hartzaileen eskura: Nordik Walking, oinezko bidea eta hiru pertsonako lasterketa. 10:30ean abiatuko dira lehen biak; eta, 11:00etan, bestea. Orotara, 6,3km egin beharko dituzte parte hartzaileek -horixe bera da Urkuluko urtegiaren itzuli bakarrak duen distantzia-. “Ez da edozelako ekinbidea. Besteren artean, haren bidez bilduriko dirua lagungarri da Afrikan eta Hego Amerikan programa sozioekonomikoak lantzeko; esperientzia kooperatiboaren ezagutza eta ikaskuntzak dituzte horiek oinarri. Garrantzitsua da halakoetan parte hartzea”, dio Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.
Ostera, bide bereko adierazpenekin dihardute Gehikoopeko kideek. “Lasterketa eguna oso aukera egokia da Mundukideko ekimena hobeto ezagutzeko eta izaera kooperatiboa dugun pertsonok babesa adierazteko”, azpimarratu du Lurdes Larrañaga Copreciko kideak. Bere aldetik, egitasmoaren kirolaz haragoko helburuetan jarri du mira Edu Abarrategi Fagor Ederlaneko kideak: “Datorren igandekoa ez da kirol froga hutsa bezala ikusi behar, Mundukiderekiko kooperatibisten elkargune solidario moduan baizik. Beraz, ez dago aitzakiarik Urkulun lankide eta ezagunen artean goiz eder bat pasatzeari uko egiteko”.
Gehikoop, gizarte eraldaketarako hezkuntza interkooperatiboa
2018an sortu zen Gehikoop gizarte eraldaketarako hezkuntza interkooperatiboa, proiektu pilotu bezala. Besteren artean, norbere ingurunetik at dauden errealitateak ikusarazteko dabil lanean, mundu-mailako gizarte-eraldaketa kritiko bateranzko bidean aurrera egin guran. Finean, beharrezko ikusten du gizarte-eraldaketaren alorrean lantzen diren gaietan ikuspegia zabaltzea edo globalizatzea. Eta, hori, ez da haren kabuzko bidea: tokiko ikuspegia eta begirada globala txertatu gura dira Mondragon Esperientzia Kooperatiboaren inguruan egiten ari diren gizarte-eraldaketarako hausnarketetan eta jarduketetan, beti ere, genero eta ingurumen ikuspegiak aintzat hartuz, eta hegoalde geografiko zein globaleko eragileekin elkarlanean.