Sareteknikaren eta Fagor Taldearen arteko marka erabilera lizentzia akordioaren ondotik, Fagor Comfort Solutions sortu da, konfort sektoreko produktuen merkaturatzerako. “Aurrerapauso esanguratsua da dibertsifikazio eta jarduera berriak bultzatzeko estrategientzat. Era berean, salmenta osteko zerbitzua indartzen lagunduko du”, azaldu dute bi kooperatibetako ordezkariek.
Sareteknikaren zein haren kolaboratzaileen konpetentziek eta baliabideek, balio proposamen integralak, eta, oro har, eskaintzak (produktuak eta zerbitzuak), proposamen diferentzial bat dakarkiote Fagor Comfort Solutionsi. “Hasiera batean, iberiar merkatura mugatuko da eskaintza; eta asmoa da, epe ertainean, FAGOR marka beste merkatu batzuetara eroatea”, argitu dute Sareteknikatik.
Fagor Comfort Solutionsek hainbat produktu eskainiko ditu: gas galdara muralak, termo elektrikoak, aire girotua, aerotermia… “Eskaintza lehiakorra izango da, teknikoki, sektoreko marka nagusien mailakoa. Hori posible da fabrikatzaile liderrekin egindako aliantza sendoei esker, kalitatezko produktuak eta teknologia aurreratua bermatzen baitituzte”, azaldu dute Sareteknikatik. Katalogoko produktu familien merkaturatzea mailakatua eta progresiboa izango da, eta espero da prozesua bukatuta egotea datorren udaberrirako. “FAGOR markaren posizionamendua eta Sareteknikaren etorkizuneko proiektua indartzen lagunduko du akordioak”, gaineratu dute.