Kalitate, jasangarritasun, berrikuntza eta erosketa arloetan egindako eskaintza erdigunean, Hisense Europe teknologia-enpresak lehenengoz eman duen hornitzaile onenaren saria jaso du Fagor Taldeko Copreci kooperatibak. Harekin, sektorearentzako oinarrizkoak diren alorretan egindako ahalegina aitortu gura izan zaio kooperatibari, hazkundeetan eskainiriko laguntzan, lehiakortasunean, komunikazioan eta zerbitzuan, besteren artean. Joan den abenduan egin zen aitortza ekitaldia, Eslovenian; eta Javier García San Martín eta Gorka Landa Asuak jaso zuten saria.
“Elkarren arteko lanari eta bisio partekatuari erantzuten dio sariak. Etorkizun jasangarri eta berritzaileago baten aldeko lanean jarraituko du Coprecik”, esan zuten kooperatibako ordezkariek. Era berean, Hisense Europe eskertu gura izan zuten haren konfiantza eta errekonozimenduagatik. Copreciko talde osoa ere eskertu zuten, “eguneroko konpromisoagatik”.
Hisense, eskaintzaren birdefinizioan
Hisense teknologia-enpresa erabiltzailearen eraginkortasuna, konektibitatea eta esperientzia birdefinitzen ari da hainbat sektoretan, hala nola, kontsumo-elektronikan, hiri adimendunetan, automobilgintzan, osasunean eta etxeko entretenimenduan. Gainera, ConnectLife plataformaren bidezko etxeko ekosistema adimenduna aurkeztu du duela gutxi. Hainbat gailu kudea daitezke plataforma horren bidez -adibidez, hozkailuak, aire egokituak eta garbigailuak-, eta Google Home eta Matter bidez ziurtatutako hirugarrenen gailuekin ere egiten du bat.