Jon Zuazo Urionaguenak ordezkatuko du Juan Mari Palencia Fernandez Fagor Ederlan kooperatibako zuzendaritzan, 2024ko apirilaren 1etik aurrera. Azken hori izan da zuzendari berria aukeratzeko prozesuaren arduradun, Mondragon Automocion Chassis & Powertraineko lehendakariorde gisa, eta Errektore Kontseilua bera izan da proposamena onartu duena. Zuazok 29 urte daroatza Fagor Ederlanen. Prozesuetako ingeniari gisa hasi zen, eta proiektu-burutzan, kooperatibak Usurbilen (Gipuzkoa, Euskal Herria) duen lantegian komertzial eta Europar Batasuneko plantetako arduradun-komertzial jardun du ordutik. Orain gutxi arte, bestetik Bergarako eta Arrasateko (Gipuzkoa, Euskal Herria) aluminiozko portamangeten lantegien zuzendari izan da.
Kooperatibako bazkideei zuzenduta egindako aurkezpenean azpimarratu duenez, Zuazok “apaltasunez, baina ilusioz eta motibazioz beteta” egingo dio aurre etapa berriari. Gaineratu du kooperatibak erronka handiak dituela gizarte eta enpresa mailan, “baita aldatzeko eta hobetzeko aukera asko ere”, eta, hori horrela, haren bertsio onena emateko prest azaldu da.
Apiriletik aurrera
Jon Zuazo arduratuko da taldearen zuzendaritzaz 2024ko apirilaren 1etik aurrera, eta une horretan hasiko da 2025-2028 plangintza estrategikoa lantzen. “Prozesu horretan, datozen lau urteetarako ildo estrategikoak erabakiko dira denen artean. Aukera aparta da partekatutako proiektu bat definitzeko, ahots guztiak kontuan hartuta, eta motibazioa berpiztuz”, esan du. Palenciaren laguntza izango du prozesu horretan.