Irailaren 1ean abiaraziko da Fagor Taldearen Fagor Herrigintza lankidetza programa, hirugarrenez -irailaren 30ean bukatuko da-. Ohi moduan, Euskal Herri hobe bat eraikitzeko lanean diharduten gizarte proiektuak lagunduko dira -hiru egitasmo, orotara-, 60.000 euroko, 40.000 euroko eta 20.000 euroko ekarpenak eginez. Aurkezturiko ekinbideak aurrez zehazturiko eta argitaraturiko oinarrien arabera baloratu ostean, bazkideek aukeratuko dituzte Fagor Taldeak lagunduko dituen hiru proiektuak, Fagor Elkarrekin plataforman egingo den bozka prozesuan -azaroan jarriko da martxan-.
Deialdi irekia denez, Fagor Taldea irailaren 1ean hasiko da iragartzen Fagor Herrigintza lankidetza programaren edizio berria hainbat hedabidetan -tokiko eta Euskal Herri mailako hedabideak, euskarri propioak…erabiliko dira-. Dena den, Fagorkideek aurrez jaso dute jakinarazpena -artikulu honen bidez-, gizarte eragileren baten parte izatekotan, proposamenaren lanketari lehenago ekiteko aukera eskainiz. Argitaraturik daude aurtengo deialdia arautuko duten oinarriak.
2022an abiatutako lankidetza programa
Euskal gizartetik sortutako ekinbideak laguntzeko eta eurekin elkarlanean jarduteko sortu zen Fagor Herrigintza, 2022an. Haren bidez, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun propioa eta berritzailea ematea helburu duten proiektuak bultzatu nahi ditu Fagor Taldeak.
Asmo horrekin, langileek hala bozkatuta, 2022an, Zaporeak (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitarioa (40.000 euro) eta Seaska ikastolen federazioa (20.000 euro) lagundu zituen Fagorrek. 2023an, berriz, Biolur (60.000 euro), Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa (40.000 euro) eta Iñurri (20.000 euro).