Zazpi urtez hainbat proiektutan lankidetzan arituta eta produktu berritzaile bat elkarrekin garatuta, QHD Visual Automation Equipment Co., Ltd konpainia asiarraren %60 eskuratu du Mondragon Assemblyk, eta eguzki merkatuan duen posizioa sendotu ahal izango du horri esker. Horretan geratu barik, portfolioan sartu du Pad-Press multistack merkatuko ijezteko makinarik berriena. Hala, kalitate goreneko soluzio bat eskaini ahal izango dute bezeroek, merkatuan lehiakorragoak izatearekin batera. Bi konpainiek elkarlanean landutakoari esker, hain zuzen ere, ijezkailu bat garatu eta patentatu dute Mondragon Assemblyk eta Visualek, ijezketa prozesuan kalitaterik goreneko prestazioak eskainiz. Gainera, mintzik gabeko soluzioak, nabarmen hobetzen du ekipoaren eraginkortasun globala (EOO) geldialdi denborak nabarmen murriztearen eraginez.
Besteren artean, ijezketaren prozesu osoan mintzik ez erabiltzeak, linearen kostu operatiboak murrizteko aukera ematen die bezeroei. Bada, onura hori da ekipoaren bereizgarri, merkatuan irtenbide eta produktu lehiakorragoak eskaintzea ahalbidetzen duena. “Urrats hau funtsezkoa izan da ijezteko makina berri honen garapenean. Pad-Press Membrane-free sistemarekin, ijezketan kalitaterik onena edukitzeaz gain, kostu operatiboa nabarmen murriztuko dute bezeroek, makinaren erabilgarritasuna handitzearekin batera”, baieztatu du Oier Aliagak, Eguzki Negozioko Prozesuen zuzendari eta soluzio berri honen garapenaren arduradunak.
Ijezteko makina berriak edozein modulu fotovoltaikorako balio du, batez ere Glass-Glass moduluetarako diseinatuta egon arren, merkatuko joerekin eta BIPV, VIPV edo Integrated Photovoltaics moduko aplikazio berriekin bat etorriz. Aurretik aipatutakoez gain, beste onura batzuk ere baditu soluzioak, hala nola, presio hidraulikoa kontrolatzeko sistema berritzaile bat, panelaren kalitaterik onena, lerrokadura zein uniformetasuna bermatzeko. Eta “edge-pinching” efektua ere saihesten du. Ostera, ijezketan alderdi kritiko den berokuntza sistema ere aintzat hartua du makina berriak: beroketarako dituen bi platerek ijezketaren ziklo denbora hobetzen laguntzen dute.
Eguzki merkatuko posizioa sendotuz
Visualekin lankidetzan zazpi urte eginda eta patentatutako garapen berriaren arrakastaren ostean, QHD Visual Automation Equipment Co enpresaren kapitalaren %60 eskuratu du Mondragon Assemblyk, eguzki panelak fabrikatzeko giltza eskurako linea automatikoen hornitzaile global gisa finkatzen jarraitzeko. Azken hori, goi teknologiako enpresa txinatar bat da, esperientzia luzekoa eta PV moduluak ijezteko ekipoak, automatizazioak eta ikuskapen bisualeko sistemak diseinatzen eta fabrikatzen diharduena. Qinghuangdao hirian du egoitza, eta eguzkiaren, kristalaren eta zeramikaren industriarako automatizazio soluzioen hornitzailea da.
Iñaki Madina Eguzki Negozioko zuzendariaren esanetan, plan estrategikoaren baitan da erabakia: “Gure plan estrategikoaren zati bat da. Tartean, erabak genuen aliantza berriak bilatzeko proaktiboak izan behar genuela, negozio aukera berriak sortu ahal izateko eta lehiakideen aurrean lehiatzeko dugun abantaila indartzeko”. Eta hala izan da.
Bere aldetik, Visualek ere urrats gisa du akordioa. “Lanean elkarrekin jarraitzeko aukera dakar hitzarmenak, soluzio berriak garatzearekin, produktuak maila globalera eramatearekin eta etorkizunean agertuko diren erronka zein aplikazio berriei erantzuna ematearekin batera”, gaineratu du Lui jaunak, QHD Visual Automation Equipment Co., Ltd.-ko CEOak.
Irtenbide berriak eta berritzaileak garatzen lagunduko dute bi konpainien arteko sinergiek, bi enpresentzat bezero eta merkatu berriak lortzea erraztuz. Halaxe nabarmendu du Madinak: “Erabat ziur gaude mugarri berri honek elkarrekin lan egitera eramango gaituela, gure negozioan automatizazio soluzio berritzaileak garatzeko, merkatu kuota handitzeko eta giltza eskurako lineen fabrikatzaile global gisa dugun posizionamendua sendotzeko“.