Harrera plan kooperatiborako metodologia berri bat sortzeko proba pilotuan jardun dute azken urtean Fagor Taldeko kooperatibetako zenbait bazkide berrik. Horretarako propio sorturiko online plataforma batean eskaini dira eduki nagusiak, bazkide bakoitzak haren erritmora eta nahieran landu ditzan; eta, aldian aldian, aurrez aurreko saioak egin dira, landurikoa errepasatzeko eta gai desberdinetan sakontzeko. Proba aldia bukatuta, Lanki kooperatibismoaren ikertegiaren asmoa da formakuntzarako modu berria kooperatibei modu irekian eskaintzea.
Formakuntza kooperatiborako landu berri den ereduak baditu bere eraginak. “Bazkideak formatuago heltzen dira aurrez aurreko saiora. Nabari da aurre-lanketa bat dagoela, bazkideek era indibidualean egindako ahaleginari esker. Eskertzekoa da ahalegin hori”, azaldu du Joxean Alustiza Usandizaga Fagor Taldeko lehendakariak. Aurrez aurreko formazioan izan da Alustiza, Lankiko kideekin batera.
Bazkide berriek ere interesgarritzat dute formakuntzarako modu berria. “Laguntzen du ulertzen zein proiektu eta Talderen parte zaren, eta horretaz harro egoten”, aitortu du Maite Gonzalez Elorza formakuntzan parte hartu duen Onnera Groupeko bazkideak.