H3 enkoder angeluarrak aurkeztu ditu Fagor Automation kooperatibak Stuttgarteko (Alemania) makina-erremintaren AMB azokan. Konektagarritasun, sendotasun eta zehaztasun handiagoko enkoder berriek aukera berriak dakarzkiote industriari, eta, Fagor Automationen teknologia berritzaileari esker, merkatuko exijentziei behar moduko erantzuna emateko daude diseinatuta.
“Kooperatibak ikerketarekin eta garapenarekin duen konpromisoaren isla dira Serie3 enkoder angeluarrak. Gainera, mundu mailan enkoder lineal zein angeluarren hornitzaile moduan duen posizioa indartzen du kooperatibak horiei esker. Finean, errendimendu handiko ekoder angeluar itxiak ekoizteagatik da ezagun Fagor Automation, eta kalitate estetiko eta dimentsional handiko osagaiak lortzeko bitartekoak eskaintzen ditu”, azaldu dute kooperatibako ordezkariek.
Masa murriztua
Besteak beste, material aurreratuei eta likidoarendako huste sistemari esker, masa murritzekoak dira H3 enkoder angeluarrak -hori onuragarria da, esaterako, ardatz hutsetarako-. Gainera, muntaia-perdoi handiak eskaintzen dituen diseinu bat dute -horri esker, instalazioa sinplifikatzen da modelo guztietan-. Ardatz hutseko aldaerek akats mekanikoak baztertzen dituzten muntaketarako aukerak eskaintzen dituzte. Horrek nabarmen handitzen du fidagarritasuna exijentzia handiko aplikazioetan.
“Makina-kontrol leun, errepikagarri eta zehatzarekin, H3 enkoderrek errendimendu aparta eskaintzen dute arku-segundo mailan, 29 biterainoko bereizmenetan eta elektronika integratuan. Ezaugarri horiei esker, enkoderrak ezin hobeak dira doitasun eta trinkotasun maila altuenak eskatzen dituzten aplikazioetarako”, azpimarratu dute Fagor Automationetik.
“Kooperatibak berrikuntzaren alde egina duen apustua berresten du H3 enkoder angeluarren merkaturatzeak. Hala, bezeroen beharretara egokituriko kalitate handiko produktuak eta soluzioak eskaintzen jarraitzen du Fagor Automationek”, diote kooperatibatik.