Euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakutsiriko normalizazio-maila aitortuz, goi-mailako Bikain ziurtagiria eman die Eusko Jaurlaritzak Fagor Ederlaneko bulego orokorrei eta Fagor Professionali, abenduaren 13an Bilboko (Bizkaia, Euskal Herria) Euskalduna Jauregian eginiko ekitaldi batean. Hain zuzen ere, Fagor Ederlaneko presidente Mikel Uribetxebarria Aldalur eta Fagor Professionaleko presidente Patxi Azpiazu Echevarriak jaso zituzten aitortza ikurrak -haiekin batera izan ziren kooperatibetako Euskara Batzordeko zenbait kide-, Bingen Zupiria Gorostidi Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eskutik. Orotara, 37 izan ziren era bateko edo besteko aitortza jaso zuten entitate publiko eta pribatuak.
Aurtengoa ez da ohiko ekitaldia izan, lehena izan baita joan den ekainean erakunde publiko eta pribatuen jardueran zein kudeaketan euskarak duen garapen-maila ebaluatzeko, egiaztatzeko eta aitortzeko sistema arautzen duen dekretua onartu zenetik. Zehatz esanda, Bikain kalitate ziurtagiriak arautzen zituen dekretua ordezkatu zuen hark, eta horrek ahalbidetu zuen, besteren artean, abenduaren 13ko ekitaldian bestelako aitortzak banatzea, tartean, Euskara Barra Barra bereizgarria eta Harrobi diplomak. “Helburua da euskararen normalizaziorako pausoak egiten dituzten ahalik eta entitate gehienen aitortza egitea, euskararen normalizazioa erakunde gehiagotara heltzeko apustua eginez”, azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.
37 entitate
Aurten, 37 entitate publiko eta pribatuk jaso dute ziurtagiria: 17 erakunde pribatuk, Harrobi diploma; eta, 14 entitate pribatuk eta sei publikok, Bikain ziurtagiria. Zehatz esanda, Eusko Jaurlaritzak 2008tik ematen duen ziurtagiri ofiziala da Bikain, euskararen presentzian, erabileran eta kudeaketan erakutsiriko normalizazio-mailaren araberako hiru maila dituena: oinarrizkoa, erdi-mailakoa eta goi-mailakoa. Besteren artean, zerbitzuari (irudia, bezeroekin harremana…) eta lan eremuari (kudeaketa, barne komunikazioa…) dagozkionak baloratzen ditu epaimahaiak.