FAGOR TALDEAREN
Pertsonak erdigunean
Pertsonak dira euren kooperatiben egunerokoa kudeatzearen eta etorkizuneko bidea eraikitzearen arduradun. Hori oinarrian, hainbat erabakimen organo ditugu. Hor daude Kontseilu Orokorra, Zaintza Batzordea eta Kontseilu Soziala.
Bestetik, Batzar Nagusia egiten dugu urtean behin, erabaki estrategikoak eztabaidatzeko, kooperatiben zein Fagor Taldearen ingurukoak adosteko eta organoek landuriko zenbait proposamen bozkatzeko. Kooperatibetako bazkideak dira Batzar Nagusian esku hartu eta bozkatzen dutenak. Finean, gure bereizgarri nagusienen artean dago Pertsona bat, bozka bat printzipioa.
Batzar Nagusia
Batzar Nagusia taldeko kooperatiben borondatea adierazteko organo gorena da. Bazkide den kooperatiba bakoitzak ordezkari bat du 25 bazkideko, eta, bazkide kopurua edozein dela ere, ordezkari bat izango du, gutxienez. Kontseilu Errektoreak aukeratzen ditu bazkide den kooperatiba bakoitzaren ordezkarien erdiak, eta, Batzar Nagusiak, beste erdiak. Aurrez izendatzen dira hautagaiak.
Kontseilu Orokorra
Taldea ordezkatzeko eta gobernatzeko kide anitzeko organoa da, eta, Batzar Nagusiak zuzenean hautatzen duen lehendakari kargua duen pertsonaz aparte, 14 kide titular ditu. Kooperatiba bazkide bakoitzak kontseilari bat du gutxienez, eta Errektore Kontseiluak izendatzen ditu gainerako kideak, beti ere, bazkide langileen kopuruaren arabera.
Zaintza Batzordea
Batez ere, urteko kontuak berrikusteko eta horiei buruzko txostena egiteko ahalmena du organoak, bai eta hauteskunde prozesuak zaindu eta bermatzekoa ere. Batzar Nagusiak aukeraturiko hiru kide titularrek osatzen dute.
Kontseilu Soziala
Bazkide langileek Taldeko administrazioan parte hartze iraunkorra izan dezaten eratutako organoa da. Kontseilu Orokorraren aholkularitza eta kontsulta izaerak ditu, eta bazkide langileei eragiten dieten gaiei buruzko irizpena ematea eta kooperatiba bazkideen Kontseilu Sozialak koordinatzea ditu zeregin. Gehienez ere 16 pertsonek osatzen dute. Gutxienez postu bat dagokio bazkide den kooperatiba bakoitzari; eta, gainerako osaera, bazkide den kooperatiba bakoitzak duen bazkide langileen kopuruaren araberakoa izango da.