Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren babesle bilakatu da Fagor. Datorren larunbatean, irailaren 14an, izango da lehen saioa, Urretxun (Gipuzkoa, Euskal Herria); eta, orotara, 48 bertsolarik jardungo dute. Aurtengoa, urte berezia da bertso munduarentzako, izan ere, 50 urte igaro dira Eskoriatza (Gipuzkoa, Euskal Herria) eta Aretxabaleta (Gipuzkoa, Euskal Herria) artean Almeneko bertso eskola sortu zenetik -lehen bertso eskola izan zen-. Hori omendu gura du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Aurkezpen egunean ere izan zen omenaldi horren kutsurik: Eskoriatzako Apotzaga auzoan aurkeztu zen txapelketa, Almeneko bertso eskolaren biltze tokian. Debagoieneko ordezkaritza zabala izan zen bertan -bertso eskoletako haurrak, Almeneko kideak, txapelketaren babesleak…-.
“Debagoienak esangura berezia izan zuen bertso eskolen sorreran. Bertan sortu zen lehena. Eta Fagorreko orduko zenbait kidek ere jardun zuen horretan. Urte berezia da bailararentzako, eta, hala izanik, txapelketa babesteko erabakia hartu du Fagorrek, esan moduan, hertsia delako bertsoaren eta Debagoiena eskualdearen arteko lotura“, azaldu du Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio sozialeko arduradunak. Txapelketaren aurkezpen hitzorduan izan zen Okarantza.
Guztira, hamasei saio izango ditu txapelketak. Abenduaren 14an egingo da finala, Donostian (Gipuzkoa, Euskal Herria). Ostera, Arrasateko (Gipuzkoa, Euskal Herria) Uarkape pilotalekuan egingo da finalaurrekoetako bat, azken-aurreko saioa, abenduaren 1ean, 17:00etan.
Gazteei, aitortza
Txapelketak, belaunaldien arteko transmisioari ere egin gura dio aitortza, eta, hori horrela, sari berezia emango dio 25 urtetik beherako bertsolari onenari. Txapelketan parte hartuko duten 48 bertsolarietatik 10 daude adin tarte horretan. Irabazleak finalaren egunean jasoko du saria.