Dagoeneko erabilgarri daude Fagorreko kooperatibetan auto elektrikoendako jarri diren kargalekuak. Monta mugikorreko aplikazio bidez kudeatu eta ordaindu beharko dira kargak -aplikazioa jaitsi eta izena eman beharra dago horretarako, erabilera eskuliburu honetan azaltzen diren urratsak jarraituta-. Fagorreko kideek haien beharretara egokiturik izango dute aplikazioa, eta prezio sozialean egin ahal izango dituzte kargak. Guztira, 35 kargagailu jarri dira -ia kooperatiba guztietan daude-.
Bada, 15 zentimokoa izango da kargen kilowatt-orduko prezioa -Kontseilu Orokorrak zehaztu du urteko prezioa-. Ostera, karga bukatu eta autoa gunetik deskonektatu bitarteko denboran, zentimo bat ordaindu beharko da minutuko. Gainera, argitu beharrekoa da kargalekuak ez direla auto elektrikoendako aparkalekuak, alegia, kargatzen ez daudenean, autoek ezingo dutela gune horietan egon.
“Mugikortasun iraunkorraren bidean, azken urteotan urrats esanguratsuak egin dira autoen elektrifikazioan. Goraka doa auto elektriko kopurua, eta azpiegiturak moldatu beharra dakar horrek. Ezinbestekoa da bitartekoak eskaintzea, ahal de neurrian, auto elektrikoen edo mugikortasun iraunkorraren aldeko urratsak egiten dituzten horiei bidea erraztea”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Horri loturiko artikulua idatzi du berriki Oier Bolibar Mendizabal kargagailuen kudeaketa sistemaren hornitzaile den Plugeen Mobility Services enpresako CEO eta Fundatzaileak Fagorreko blogean.
Mugikortasun iraunkorraren bidea
Fagor Taldeak mugikortasun iraunkorraren bideko hainbat ekinbide jarri ditu martxan azken urteetan. Besteren artean, prezio berezian eskaini ditu bizikleta elektrikoak, kilometro iraunkorrak egiteagatik sariak eskaintzen dituen Fagor Mugi aplikazioa sortu eta bultzatu du, autoa partekatzeko kanpainak abiarazi ditu… Talde mailako mugikortasun plana ere egin zuen 2023an, eta urrats berriak aurreikusten dira aurrera begira.