Fagor Taldeko Fagor Automation, Fagor Electrónica, Copreci, Fagor Ederlan eta Fagor Professional kooperatibetako kideak izan dira bukatu berri den Kooperatibagintzan Aditu tituluaren 14. edizioan. Hain zuzen ere, ikasleak, irakasleak, kooperatibetako ordezkariak eta gaiaren inguruko zenbait lagun bildu zituen ikastaro bukaerako saioak, uztailaren 8an, Mondragon Unibertsitatearen Eskoriatzako Kanpusean. Halaxe eman zitzaion amaiera urriaren 8an hasitako edizioari. Orotara, hamalau kooperatibetako hemezortzi kide izan dira hartan.
Ohi moduan, bi fasetan egin da ikastaroa. Kooperatibagintzari buruzko eduki teoriko-praktikoak landu zituzten lehenengoan. Eta ikasitakoa praktikan jarri eta proiektu errealetara eroateko unea heldu zen ostean. Horietan, ohikoak izan dira helburuak: errealitate kooperatiboa ulertu eta aztertzeko ikasleari ezagutza teoriko-praktiko sendoa ematea, kooperatiben proiektu sozio-enpresarialaren garapenerako ezagutza eta erremintak eskaintzea, kooperatiba ezberdinetako partaideen artean gogoeta bultzatzea eta praktiken elkartrukerako abagunea sortzea -kooperatibaren proiektu sozio-enpresariala indartzera legoke bideratua-.
Harrera ona izan ohi du Kooperatibagintzan Aditu tituluak. Zehatz esanda, antolatzaileen esanetan, parte hartze “handia” izan du lehen ediziotik. Gaur artean, 40 kooperatibetako 280 ordezkari dira ikastaroan jardun duenak. Oro har, aurtengo edizioan parte hartu dutenei “aberasgarri” izan zaie esperientzia, besteren artean, kooperatibagintzaren ikuspegi orokorrean eta eraldaketa sozialaren garrantzian sakondu ondotik.
Gaiaren inguruko ikus-entzunezko laburra landu du TUlankidek: