Azken urteotan, hezkuntza zentroetan eta kooperatibetan, esangura handia dute harenganatuta ZTIM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikaren akronimoa) alorreko formakuntza bultzatzearen eta profil horietako gazte prestatuak erakartzearen zereginek. Horren adibide, Mondragon Goi Eskola Politeknikoak (MGEP) berriki landuriko bideo laburra. Hartan, Mondragon Unibertsitateko Dual programaren bidez Fagor Taldean ari diren Irati Marfull Moya Industria Antolakuntza Ingeniaritzako ikaslea (Fagor Ederlan) eta Karmele Zeberio Berakoetxea Industria Ingeniaritza masterreko ikaslea (Fagor Automation); eta Dual programa egin ostean lanean hasia den Itziar Nekoetxea Aranzabal ingeniari mekanikoa eta industria ingeniaria (Mondragon Assembly) dira protagonista. Haiekin batera da Leire Okarantza Ibabe Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna. Oro har, unibertsitateak eskaintzen duen Dual programa eta hartan diharduten zenbait ikasleren kasuak ezagutaraztea da asmoa -ZTIM alorreko ikasketak dituzte guztiek-.
Emakumeak, erdigunean
Euskal Estatistika Erakundeak argitaraturiko ikerketa baten arabera, 2030erako %10 ikasle gutxiago izango dira ikastetxeetan. Eta, horri, orain arteko joera gehitu behar litzaioke. Alegia, Eustatek argitaratu duenez, 2016tik, %16 pertsona gutxiago matrikulatu dira ZTIM ikasketetan, eta, horietan, oraindik orain, gutxiengo dira emakumeak. Mondragon Unibertsitatean, esaterako, 2021ean ZTIM alorreko graduetan matrikulaturikoen %27 dira emakumeak. Zehatz esanda, Ingeniaritza Mekatronikoa (%6), Ingeniaritza Elektronikoa (%16), Energia Ingeniaritza (%17), Ingeniaritza Mekanikoa (%19) eta Ingeniaritza Informatikoa (%21) dira emakume kopuru murritzenak dituztenak. Horri buelta eman beharraz jardun du Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak: “Gizartearen erdia dira emakumeak. Beraz, esangura handia dute egoera iraultzeko zereginean. Ezinbestekoa da emakumeak ZTIM ikasketetara erakartzea”. Nabari da ahalegina. Horren erakusle, MGEPk landuriko bideoa: emakumeak dira bideoko protagonista guztiak.
Bi erakunderen arteko elkarlana
Urteak dira Fagor Taldeak eta Mondragon Unibertsitateak elkarlaneko bideari ekin ziotela, ikasleen formakuntza eta kooperatiben etorkizuna hein handi batean elkarloturik zeudenaz jakitun. Hori horrela, besteren artean, ikasketa prozesua enpresa batean osatzeko aukera eskaintzen die kooperatiba taldeak ikasleei. Era berean, horrek, profesional prestatuak erakartzeko aukera eskaintzen dio Fagor Taldeari. “Finean, proiektu kooperatiboa sendotzeko, beharrezko dira profesional prestatuak”, gaineratu du Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunak.
Honatx MGEPk landuriko bideoa: