Skip to main content

Zaintza sektorearen errealitatea hobetzeko Duinduz proiektua jarri dute abian Fagor Taldeak eta Bihar S. Coop.-ek. Arrasaten (Gipuzkoa) zabaldu berri den informazio-gunean egin dute aurkezpena, maiatzaren 8an. “Etxez etxeko zainketako langileen lan baldintzak hobetzeko eta bertako profesionalak balioesteko ekimena da. Euren egoera erregularizatzea bilatzen du, ezkutuko ekonomiak etxeko zaintzan aritzen diren langile kolektiboan duen eragina leuntzea. Lagungarri izango da zaintzaile zein zainduaren familiarentzat”, argitu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Zehatz esanda, hobari ekonomikoen programa “aitzindari” bat da Duinduz, behinik behin, bi urteko iraupena izango duena, Fagor Taldeak bi urteko epealdian egingo duen 300.000 euroko ekarpenari esker -150.000 euro, urtean-.

Proiektua eraginkortasunez gauzatzeko, Fagor 2030 iraunkortasun estrategia eta komunitatearekiko edota gizarte erronkekiko konpromisoz, ekarpen garrantzitsua egin dio Fagor Taldeak Biharri. Eta horri esker, hobarien programa bat jarri ahal izango da martxan, Fagor Taldeko kide diren familiei eta Debagoienean (Gipuzkoa) bizi direnei mesede egiteko. Zehazki, Fagorrek konpromisoa hartu du hilean 380 euroko ekarpen ekonomikoa egiteko zerbitzu horiek erabiltzen dituzten familiei. Aurreikuspenen arabera, egindako ekarpenekin, 200 familia inguruk jasoko dute laguntza. Besteren artean, familien finantza-egoera arintzeaz gain, zaintzaileen ongizatea hobetzen lagunduko du ekimen berriak, bidezko konpentsazioa eta haien lanagatiko errekonozimendua ahalbidetuz.

Bere aldetik, pertsonei eta familiei egokitutako etxez etxeko zaintza zerbitzu pertsonalizatua eta profesionala bermatuko du Biharrek. “Ezkutuko ekonomiatik lan kontraturako jauzia egitean sortutako gastuak lagunduko dira. Hasierako jauzi hori egiteak, langilearen egoera erregularizatzeak, bestelako laguntzak jasotzea ahalbidetuko du gerora. Beraz, bide bateko hasierako urratsa litzateke”, azaldu du Hector Olabegogeaskoetxea Narbaiza Bihar kooperatibako zuzendari orokor eta Mondargon Healtheko zuzendariak.

Egungo egoera

Euskal Autonomia Erkidegoan, sektore horretako langileen %27k ez du kontratu formalik, eta lan-baldintza prekarioak eta informalak eragiten ditu horrek. Oro har, zaintzan aritzen diren langileen kolektiboan, %90 baino gehiago dira emakume etorkinak. “Pertsona ororen bizi baldintzak hobetzeko urratsik ez da soberan. Fagor Taldeak, gizarteak bezala, erronken artean ditu pertsonen zaintza eta inklusioa. Etxez etxeko zaintza hertsiki dago loturik horiekin”, azaldu du Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Informazio-gunea

Proiektuaren xehetasunak azaltzeko, zalantzak argitzeko eta familiei egindako hobari-eskaerak erregistratzeko, Bihar kooperatibak informazio-gunea zabaldu du Arrasaten, Olarte kaleko 2 zenbakidun egoitzan. Astelehenetik asteazkenera, 10:00etatik 14:00etara bitartean egongo da zabalik; eta, ostegunean, 17:00 eta 20:00 artean. Bestetik, telefono zenbaki bat ere jarri dute herritarren eskura: 944 58 23 95.