Fagor Taldeak bat egina du Errigora elkartearen azken kanpainarekin: Plateretik baratzera. Eta kideek dagoeneko egina dute euren eskaera -gaur, martxoak 24, bukatzen da eskaerak egiteko epea-. Hori bai, azken kanpaina babestu izana ez da salbuespen: urteak daroatza Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen Errigora ekimen herritarra babesten, urtean zeharreko bi kanpaina nagusiekin bat eginez eta bestelako ekinbideak bultzatuz. Fagor Taldeko kideek apirileko bigarren hamabostaldian jasoko dituzte eskaturiko produktuak (olioa, kontserbak, pasta…), haien herriko jasotze guneetan.
Dagoeneko bukaturik daude zenbait produktu. Eta hori “positibotzat” dute Errigorako kideek: “Gainditu egin dira eskaera aurreikuspenak. Ezin izan dugu ase hainbat produkturen eskaria, baina ez da albiste txarra: gaur eskaera indartuz gero, bihar produktuon ekoizpena indartzeko pausoak emateko moduan izango gara”. Errigorako kideek agerraldia egin zuten aurreko astean kanpainak emanikoak jakinarazteko, eta, besteren artean, Nafarroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua izan zuten lagun –azken kanpainan ere bidelagun izan dira-.
Bere aldetik, Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak azpimarra jarri du Errigoraren zereginean eta haren helburuetan: “Oro har, euskara sustatzeko, elikadura burujabetzan sakontzeko eta Nafarroako ekoizleen jarduna indartzeko helburuz dihardu Errigorak. Plateretik baratzea lemak men egiten dio esandakoari: ikusarazi gura du Nafarroako ekoizleen baratzeak indartzeko bitarteko direla norbanakoon eskaerak. Halako ekimenak babestu besterik ezin ditzakegu egin”.
Argazkiak, emaniko babesaren ikusarazteko
Aurten, harago joan gura izan du Fagor Taldeak. Bazkideen argazkiak jasotzeko kanpaina jarri du martxan: produktu sortak eskatzea, jasotzean, sukaldera heltzean, lapikoan sartzean… egindako argazkiak jasoko dituzte, Errigorako kanpaina berriari emaniko babesa ikusarazteko. Horretan geratu barik, 15 litroko olio lote bat zozketatuko da argazkia bidaltzen dutenen artean.
Kanpainari emaniko babesa ikusarazi guran, bideoa argitaratu du Fagor Taldeak haren sare sozialetan:
Fagor Taldeak bat egin du @errigora|ren #PlateretikBaratzera kanpainarekin.
Dagoeneko egina dugu eskaera. Eta zeuk?
Martxoaren 24ra bitartean duzu eskatzeko aukera. pic.twitter.com/D0fiqisiY0
— @FagorTaldea (@FagorTaldea) March 22, 2021