Fagor Taldeak 50.000 euroko ekarpena egingo dio Elgetako (Gipuzkoa) Ixotzen energia berriztagarrien komunitateari, eta kooperatibako bazkide laguntzaile bilakatuko da. “Energia berriztagarrietan sakondu beharra dago. Askotarikoak dira Debagoienean (Gipuzkoa) martxan diren ekinbideak. Horiei ekarpena egiteko konpromisoz dihardu Fagor Taldeak, energia berriztagarrien bidean urrats bakoitza baita beharrezko”, azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak. Hitzarmen berria sinatuta, gaur-gaurkoz, bi dira kooperatiba taldearen babesa duten Debagoieneko energia komunitateak: Deba Bailarako Ekiola eta Ixotzen. Aurrera begira, bide beretik segitzeko asmoz dihardu Fagor Taldeak.
Zehatz esanda, Elgetako frontoiko teilatuan 45 kilowatteko instalazio fotovoltaikoa egitea izango da Ixotzen energia berriztagarrien komunitatearen lehen ekinbidea. “Azken hilabeteetan interesa adierazi duten dozenaka familiak zein hainbat elkarte eta negoziok parte hartuko duten autokontsumo partekatuko instalazioa izango da”, argitu du Roberto Sanz Satrustegui Ixotzeneko lehendakariak.
Bazkidetzarako aukera
Energia kooperatibak datozen asteetan jarriko du martxan bazkidetza kanpaina, eta bazkide egiteko aukera izango du elgetar orok, proiektuan parte hartuko duenak edo soilik kooperatibako kide izan nahi duenak. Zehatz esanda, hiru dira aurreikusirik dauden bazkidetza-motak: bazkide erabiltzaileak –izan pertsona fisikoak zein juridikoak–, bazkide langileak –etorkizunean kooperatibak izan ditzakeenak– eta bazkide laguntzaileak. Azken horretan leudeke enpresak eta erakundeak –gaur-gaurkoz, Fagor Taldea eta Elgetako Udala daude horien artean–. Gaiari loturiko zalantzak argitzeko e-posta helbidea jarri du herritarren eskura Ixotzenek: .
Iraunkortasunarekin konprometiturik
Fagor Taldeak berretsia du Debagoienak iraunkortasunerantz egin behar duen bidearen aldeko konpromisoa, besteak beste, Fagor 2030 iraunkortasun estrategia onartu ondotik eginak dituen urratsekin, eta, bide horretan, esangura handia du harenganaturik trantsizio energetikoaren erronkak. “Energia berriztagarrien aldeko apustu argia eskatzen du egungo testuinguruak. Funtsezkoa da herritarren, erakundeen eta eragileen inplikazioa eta guztien arteko elkarlana bultzatzea, elkarren artean adosturiko aurrera begirako bide-orria oinarrian. Fagor Taldea prest dago bide horretako ekarpenekin segitzeko, komunitatearekin eta gizarte erronkekin duen konpromisoan sakontzen jarraituz”, dio Otxandianok.