Urriaren 16an hamarkada bat beteko da Fagor Etxetresnak kooperatibak konkurtso legera jo zuenetik -itxiera etorri zen ostean-. “Krisi latzean murgildu zen Fagor. Taldeak zituen zortzi kooperatibetako batek, handienak eta ezagunenak, bueltarik gabeko beherakada izan zuen. Askotarikoak izan ziren Fagor Etxetresnen itxierak izan zituen eraginak: galera ekonomiko garrantzitsuak, konkurtsoari lotutako prozedura legal guztiari aurre egin beharra, eta, bereziki, ziurgabetasun egoeran geratu ziren bazkideen egoera kudeatzeko betebeharra. Hori guztia kudeatu eta egoerari buelta eman beharra zegoen, lehentasunez eta modu eraginkorrean. Finean, orduko erantzuna eta krisiari buelta emateko gaitasuna aurrekari izango ziren osteko urteetarako, MONDRAGONen kooperatibagintzaren erresilientzia gaitasunaren erakusgarri”, azaldu dute Fagor Taldetik. Ordutik hona, egoera hura kudeatzeko zenbait elkartasun mekanismo indartzearekin batera, hainbat egokitzapen egin dira, eta, hamarkada igarota, arduradunen hitzetan, “indartsu eta osasuntsu” dira Fagor Taldeko zortzi kooperatibak. Gainera, etxerako etxetresnen sektorera itzulia da Fagor marka, hainbat enpresarekin sinaturik dauden marka erabilerarako lizentzia akordioak oinarri.
Elkartasun mekanismoak
Esan moduan, Fagor Etxetresnen itxiera aurrekari izango zen kooperatibagintzarentzako, bere erresilientzia gaitasunaren erakusgarri. Eta, oro har, arduradunen esanetan, aurrekaririk gabeko egoera zail hura egoki kudeatzeko gaitasuna berretsi zen. Hain zuzen ere, 5.600 langile zituen Fagor Etxetresnak kooperatibak garai hartan -1.800 baino gehiago zituen Euskal Herriko bost lantegietan-, eta horietatik 1.736 ziren bazkide langileak.
Hori horrela, LagunAro EPSVren, bazkide kooperatibistentzako gizarte babeserako sistemaren, elkartasun mekanismo guztiak abiarazi beharra izan zen. “Langabezia prestazioa, aurretiko erretiroak eta beste kooperatibetan birkokatzea izan ziren horien artean esanguratsuenak. Finean, aurrekaririk bariko egoera hari aurre egiteko, arauak moldatu beharra izan zuen LagunArok”, argitu dute Fagorretik. Kasurako, bikoiztu egin zen LagunAron dauden ia ehun kooperatibetako bazkideek langabezia prestazioa finantzatzeko ordaintzen duten kuota, aurretiko erretirorako aukera eskaini zitzaien 55 urtetik gorakoei eta birkokapenak azkartzeko mekanismoak abiarazi ziren.
Birkokapenak, lehentasun
Gai ekonomiko eta legalak bideratuta, lanik gabe gelditu ziren bazkideak beste kooperatibetan birkokatzea bilakatu zen lehentasun. Horretarako, funtsezko izan zen MONDRAGON korporazioa osatzen duten kooperatiben inplikazioa. “Bereziki azpimarratzekoa da Fagor Taldeko kooperatiben konpromisoa”, gaineratu dute arduradunek.
Zehatz esanda, Fagor Etxetresnak kooperatiba itxi zenetik gaur arte, hark zituen 1.736 bazkideetatik 1.405ek izan dute behin betiko soluzioa (birkokapenak, aurretiko erretiroak, kalte-ordainak…), alegia, %81ak. Horietatik 577 dira behin betiko birkokapenen ostean beste kooperatiba bateko bazkide bilakatu direnak -horien %60 Fagor Taldeko kooperatiba bateko bazkide bilakatu da-. Ostera, 320 bazkide dira behin behinean lanean dihardutenak -horien %71 ari da Fagor Taldeko kooperatiba batean-. “Birkokapenetarako konpromiso irmoa hartu zen Fagor Taldean, MONDRAGON korporazioan eta LagunAron. Bazkideek ere ahalegin berezia egin beharra izan dute azken hamarkadan. Guztion artean egin zaio aurre egoerari”, aitortu dute Fagor Taldetik.
Aurrera begira, bestetik, behin betiko bazkideak egiten jarraitzea da asmoa. Beraz, oraindik ere, heldua dio birkokapenen helburuari. Fagor Taldeko kooperatibetan, zehazki, 196 dira azken 5 urteetan egindako behin betiko bazkide birkokapenak. Eta 2023ari begira, behin betiko 25 bazkide gehiago egiteko aurreikuspenarekin dihardu kooperatiba taldeak.
Irakasgaia
Duela hamar urte gertatutakoa irakasgai izan da Fagorrentzat. Halaxe adierazi dute bertako iturriek: “Eredua sendotzera eta babestera bideratutako hainbat aldaketa egin ditugu azken urteetan. Kooperatibaren egoera ekonomiko-finantzarioarekin zorrotzagoak eta erantzunkideagoak izateko arau markoan egindako aldaketak izan dira horien artean aipagarrienak. Prozesu luze eta konplexu baten ondoren, proposaturiko aldaketak onartu ziren kooperatibetako Batzar Nagusietan, eta, horri esker, orain, prestatuago gaude merkatuan gertatzen diren gorabeherei azkarrago erantzuteko eta etorkizuneko testuinguru aldakorretara egoki moldatzeko”.
Egungo egoera
Krisiaren osteko urteak igarota, arduradunen esanetan, egoera “osasuntsuan eta sendoan” daude Fagor Taldea osatzen duten zortzi kooperatibak (Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Industrial, Fagor Electrónica, Fagor Automation, Copreci, Mondragon Assembly eta Galbaian), eta baikor begiratzen diote etorkizunari. 2022an, orotara, 1.819 milioi euroko salmentak izan zituzten -2021ekoarekin alderatuta, %17koa izan zen igoera-, eta 46 milioi eurokoak izan ziren irabaziak. Lanpostuei dagokienez, ostera, 11.565 langilerekin bukatu zuten iazko urtea -5.791 langile zituen Euskal Herrian-. Horietatik 4.276 ziren bazkide langileak. 2023ari begira, gainera, hazkundea aurreikusten da salmentetan, eta, emaitzak, %25 hobetzea.
Era berean, arduradunek azaldu dute Fagor Taldeko kooperatibak liderren artean direla automozioaren, etxetresnen osagaien, makina erremintaren, ostalaritza- zein sukaldaritza-ekipamenduen edo eguzki energiaren sektoreetan. Horretarako, euren produktuek eta zerbitzuek puntako teknologia barnebil dezaten egiten dute lan. Horren adierazgarri, hainbaten artean, Fagor Taldean dauden ikerketa eta garapenerako hiru zentroak.
Iraunkortasuna ardatz
Orain, erronka berriei begira dihardu Fagor Taldeak. Nagusiki, iraunkortasunak eta digitalizazioak ezaugarritutako testuinguru berrira moldatu eta lehiakorrak izaten jarraitzeko helburuz, haren negozioak gaurkotzen eta eraldatzen ari da, beti ere, egungo lanpostuak mantendu eta berriak sortzen jarraitu guran. Eta, horretan geratu barik, kooperatibagintzak bereizgarri duen gobernantza demokratikoa hobetzen ere badihardu. Fagorreko kideen ongizaterako urratsekin uztartzen ditu horiek.
Bide berean, larrialdi klimatikoa eta haren ondorioak erdigunean, Fagorrek arreta berezia du jarria planetaren iraunkortasunean. Hori horrela, hainbat ekimen ditu abiarazirik kooperatibetako ekoizpen prozesuek eta produktuek ingurumenean sortzen duten inpaktua murrizteko -besteak beste, material birziklatuen erabilera handitzeko, CO2 isurketak neurtzeko eta murrizteko, efizientzia energetikoa hobetzeko edo energia berriztagarria sortzeko egitasmoak ditu martxan jarririk-.
“Guztiak daude jasota Fagor Taldearen Fagor 2030 iraunkortasun estrategian, etorkizuneko merkatu eskakizunei eta gizarte nahiz ingurugiro erronkei erantzun berritzailea eman ahal izateko. Fagor Taldea etorkizunera begira ari da, beti ere, bere identitatea eta sustraiak oinarri izanda”, azpimarratu dute arduradunek.
Gizarte konpromisoa
Ohi duen moduan, gizartearen aldeko lanean jarraitzeko konpromisoz dihardu Fagor Taldeak haren gizarte funtsaren bitartez. Zehatz esanda, 11. Garapen Iraunkorrerako Helburuari heldu nahian, herri eta komunitate iraunkorrak lortzea du helburu nagusi, eta eragile ezberdinen arteko lankidetza eta herritarren ahalduntzea sustatzen ditu horretarako. Hori horrela, etenik barik dabil helburu hori erdiesteko lagungarri liratekeen ekinbideetan parte hartzen eta berriak bultzatzen. “Datozen urteetara begira, horiek indartzen segitzea da asmoa”, argitu dute Fagor Taldetik. Egitasmo horien artean leudeke Fagor Herrigintza lankidetza programa, lan mundua euskalduntzeko euskara planak, Debagoiena 2030 iraunkortasun sarea, hezkuntza kooperatiboa sustatzeko Gizabidea Fundazioa, garapen bidean dauden herrialdeak laguntzeko Mundukide Fundazioa…