Fagor Electronicak baikor begiratzen dio etorkizunari. Halaxe berretsi du berriki Aitor Soria Alonso kooperatibako zuzendari nagusi berriak Tulankide hedabideari eskainiriko elkarrizketan. Haren esanetan, Fagor Electronicaren testuingurua eta berritzeko gaitasuna lagungarri dira etorkizunari “ilusio handiz” heldu ahal izateko. “Europar Batasuneko diodo ekoizle bakarra da Fagor Electronica, eta, Espainiako Estatuko bakarra, erdieroaleetan. Gainera, berrikuntza teknologikoan eta garapen industrialean duen lidertza sendotzea eragin duten aurrerapauso estrategiko ugari egin dira azken urtean”, argitu du. Horiei esker, besteak beste, kooperatibak haren presentzia indartu du ontzigintzaren, mugikortasun iraunkorraren eta teknologia berrien ikerketa eta garapenaren sektoreetan.
Bada, eginiko urratsei esker, ia 90 milioi euroko fakturazioa izan zuen Fagor Electronicak 2024. urtean. Gainera, Triax Digital Solutions enpresa eskuratu eta Fagor Multimedia Solutions negozioa sortu zuen. Eta, Navantiarekin batera, ekonomia berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoak babesten dituen PERTE programaren laguntza lortu zuen ontzigintzaren sektorerako -horri esker, espezializazio eta exijentzia altuko sektoreetan erreferente bilakaraziko duten proiektuak landu ahal izango ditu-. Ostera, erdieroaleen alorrean, Silicon Carbide (SiC) teknologian sakontzen jarraitzen du, gailu efizienteagoen eta iraunkorragoen ekoizpenerako bitartekoak eskainiz. Horrekin guztiarekin, fakturazioa handitzea espero du Fagor Electronicak 2025. urteari begira -100 milioi eurotik gorako fakturazio aurreikuspena egin du-.
Bost negozio
Soluzio elektronikoetan eta digitalizazio proiektuetan espezializaturiko kooperatiba da Fagor Electronica, bezero bakoitzaren beharretara egokitzeko gai dena. Bide horretan, bost negoziotan antolatzen du haren egunerokoa: erdieroaleak, EMS, multimedia soluzioak, Smart Data Services eta negozio berriak. “Eskaintza zabala da, dibertsifikatua, balio erantsi handia duen eta gora doan sektore batean”, argitu du zuzendari nagusiak.
Belaunaldi berriak
Fagor Electronicak erdigunean jarriak ditu belaunaldi berriak. Horregatik dihardu egunez egun lanpostuak sortzeko eta jarduten duen ingurunearen garapena sustatzeko lanean. “Xedea da etorkizuneko belaunaldiei gizarte eta ingurune hobe bat uztea. Hori lortzeko aukerak biderkatu egiten dira zu eta nitik egin beharrean, lehen pertsona pluraletik (gu) egiten bada”, esan du zuzendari nagusiak. Era berean, Debagoiena eskualdean talentua sortzen eta lantzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. “Fagor Electronica oso proiektu erakargarria da haien gaitasun guztiak landu gura dituzten pertsonentzako”, gaineratu du.