Fagor Electronicak 5.000 arnasgailu egiteko lanetan dihardu, espainiar estatuko beste hamaika enpresarekin batera. Ezinbestekoak dira arnasgailuok Covid-19ak eragindako arnas gutxiegitasunari aurre egiteko, eta osasun zentroetan dagoen premia handiari aurre egiteko, arnasgailuak egiten dihardu.
Era berean, Fagor Electronicak bere produkzioaren zati handi batekin segitzen du, Covid-19aren ondorioz sortutako alarma-egoeran. Horretarako onartutako Errege Dekretuak adierazitako salbuespen-jardueren artean izanik, normaltasunez ari dira lanean, beti ere, ezohiko egoerak eskatzen dituen neurri guztiak hartuta. Etorkizun hurbilean, erabateko normaltasunera itzultzea jasotako eskaeren araberakoa izango da, eta, momentuz, aurreikuspenak eta balorazioak egiteko denbora-tarte zabalagoa behar da.
Ezohiko egoera honetan langileen osasuna bermatzeko, Osarten kooperatibaren jarraibideen arabera ari dira lanean Fagor Electronican. Krisiaren hasieran, telelanaren bidez funtzionatzeko neurri ugari hartu ziren: batzarrak, bisitak eta bidaiak bertan behera uztea, eta atzerrian zeuden langileak etxeratzea.
Lantegietan, garbiketa eta desinfekzio-protokoloak aplikatu ziren, eta langile guztiek maskarilarekin egiten dute lan. Lanerako guneak egokitu egin dira, pertsonen arteko espazioa mantentzeko, eta ordutegiak ere berrantolatu egin dira. Horrez gain, lanera sartu aurretik langileen tenperatura hartzen da, eta arrisku handiagoa duten pertsonak etxean geratzen dira.