Fagor Ederlan kooperatibak jasangarritasunaren aldeko aurrerapauso sendoak eman ditu azken urteotan. Halaxe azpimarratu du Enpresabidea hedabideak. Batez ere, autoetarako osagaiak ekoizten ditu Fagor Ederlanek –chassis eta powertrain esparruko osagaiak, esate baterako-, eta bezeroen artean ditu mundu mailako auto fabrikatzaile eta sektoreko hornitzaile nagusiak.
Besteak beste, bere ingurumen inpaktua murrizteko lanean dihardutela azaldu du Maite Pikasarri Aizpeolea Jasangarritasun eta Digitalizazio zuzendariak Enpresabidea hedabidean: “Guk geuk garatzen dugun jarduera industrialak ingurunean gero eta inpaktu txikiagoa izatea nahi dugu, eta gure karbono aztarna minimizatu, etorkizunean mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin”. Autoaren industria mugikortasunaren kontzeptu berri baterantz ari da eraldatzen.
Eta nola ez, kontzeptu horri erantzuna eman nahi dio Fagor Taldeko kooperatibak. Horretarako, osagai arinagoak eta sistema berriak garatzen eta hidrogenoarekin lanean hasi dela azaldu dute Fagor Ederlanetik: “Geroz eta osagai arinagoak garatzen ditugu azken ibilgailuen emisioak murrizten laguntzeko: disko bimetalikoak, aluminiozko diskoak, subframeak edo motor elektrikoen karkasak. Ibilgailu elektrikorako sistema berriak ere garatzen ditugu, hala nola bateriak, Fagor Ederbatten bidez. Jada bateria arinduak eta bolumen txikikoak garatu ditugu eta autobusetarako, trenetarako eta beste ibilgailuetarako saltzen ari gara”.
Karbono aztarna murrizteko konpromisoa
Azken urteotan, karbono aztarna murrizteko konpromisoa hartu du kooperatibak. Hots, 2032rako bi helburu zehaztu ditu: lehen eta bigarren irismeneko berotegi efektuko gasen emisio absolutuak %50,4 murriztea; eta, hirugarren irismeneko emisioak %30 murriztea.
Horretarako, Jasangarritasun eta Digitalizazio alorreko zuzendariaren esanetan, ezinbestekoa da elektrizitatearen eta gasaren kontsumoa murriztea; energia berriztagarrien kontsumoa handitzea; gas naturala kontsumitzen duten instalazioak eta prozesuak elektrifikatzea; eta material birziklatuaren erabilera handitzea.
Berrikuntzaren garrantzia
Ekonomia zirkularra sustatzea eta produktu zein prozesuetan goi mailako kalitatea lortzea da enpresaren beste erronketako bat. Horretarako, garrantzi handia ematen dio hornidura kateak izateari eta bezeroak inplikatuta egoteari.
Hori burutzeko, Arrasateko (Gipuzkoa) Edertek berrikuntza zentroa dute bidelagun. Bertan, produktu, material eta prozesu berriak testatzen dituzte. “Benetako fabrikazio instalazioak dituzte bertan, ekoizpenaren antzeko ingurunea birsortuta, eta hortik garapen berriak euren fabriketara transferitzen dituzte zuzenean. Europan ez dago gaitasun horiek dituen lehiakiderik”, azpimarratu dute kooperatibatik.
Horrekin lotuta, iaz, 2025-2028 aldirako enpresaren plan estrategikoan, berrikuntzarekin zerikusia duen ildo estrategiko bat zehaztu zuten: eraldaketa digitala sustatzea, eraginkortasuna eta berrikuntza oinarri.
Elektrifikaziora bidea egiten
Automozio sektorea elektrifikazioranzko bidean dago, eta Fagor Ederlanek Asiako eta Txinako enpresak ditu lehiakide. Horiei aurre egiteko gakoak zeintzuk diren azaldu du Jasangarritasun eta Digitalizazio zuzendariak: “Lehiakorrak eta berritzaileak izatea, negozio berrietan dibertsifikatzea eta beharrezkoa den talentua garatzea eta erakartzea”.
Chassis eta powertrain esparruko osagaiei dagokienez, mugikortasun elektrikoaren joerak ez du eragin handirik izan Chassis-a oinarri duten osagaietan. Powertrain esparruko osagaietan, ostera, eboluzioa nabaritu dute, baina “moldatzen” jakin dute.